Pentsio duinen aldeko mobilizazio ibiltaria

Guaixe 2020ko aza. 30a, 10:21
Udaletxe paretik sasun etxera arteko bidea eginen dute pentsio duinen sistema aldarrikatzeko.

Gaur, 12:00etan, Altsasuko udaletxetik osasun etxera joanen dira. Toledoko Itunak proposatutako gomendioak "jubilatzeko adinera iristean milioika pertsonen bizitzak gehiago pobretzea ekarriko dutela" nabarmendu dute. 

Pentsioen sistema erreformatzeko egitasmoa Espainiako Kongresuan dago. Toledoko Itunaren batzordeak adostutako gomendioak osoko bilkuran aztertuko dituzte. Pentsio duinen aldeko mugimenduak oso kritikoa da gomendio horiekin. "Pentsioak Kontsumorako Prezioen Indizearekin batera igo behar dutela onartzen duen arren, hori ez aplikatzeko aukera ematen dute gomendioek. Eta, gainera, pentsioen sistema publikoa indartzeko eta pentsio duinak bermatzeko egindako proposamenak ez ditu bere egiten”. 

Pentsio duinen aldeko mugimenduek salatu dutenez, "egindako gomendioen aspektu larriena da eskala handian sartu nahi dituzten pentsio plan pribatuak. Horiek enpresa planen bidez sustatuko lirateke funts publikoekin eta kudeaketa pribatua izanen lukete (bankuak, aseguru-etxeak eta abar), ondorioz gizarte desberdintasun handiagoak izanen dira”. 

Pentsio duinen aldeko mugimenduak honako eskaerak egiten ditu: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa; emakumezkoen eta gizonezkoen pentsioen arteko arrakala etetea; 2013 pentsioen erreforma bertan behera uztea eta baita 2011ko erreformako neurri murriztaileak ere, pentsioak urtetik urtera gero eta txikiagoak izatea ekartzen duenak azken soldata kontuan hartzen delako; jasangarritasun faktorea bertan behera uztea, pentsioak gero eta gehiago murriztea dakarrelako, "ekonomia botereen helburua baita hasierako pentsioa azken soldataren erdia izatea; 65 urtetan jubilatzea eta aurre-jubilazioa 60 urtetan izatea; 40 urte edo gehiago kotizatuta dituzten pertsonenei aurretik jublatzeagatik penalizazioa kentzea eta, azkenik, bai langileen bai enpresen kotizazioa % 100ekoa izatea. 

Mugimenduko kideek gaztigatu dutenez, "gure neurriak ez onartzeak Pentsio Publikoen Sistema, hau da, belaunaldien arteko banaketa eta elkartasun sistema Zainketa Intentsiboen Unitatera eramaten du,  gizarte eta genero arrakala handituz”. Horregatik, pentsiodunen mugimenduko kideek "pertsonak lehenik” aldarrikatu dute, eta "pentsio publikoak” exijitu dituzte, "egungo eta etorkizuneko adinekoei bizitza duina izatea ahalbidetuko diena”. 

Deskapitalizazioa 
Pentsio duinen aldeko mugimenduko kideek gaztigatu dutenez, "Pentsioen Sistema Publikoa deskapitalizatu egin duten azken urteetan. Horretarako, Gizarte Segurantzari Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasoak beharko luketen karguak gehitu dizkiote: pentsio ez kontributiboak, umezurtz pentsioak, familiendako pentsioak, amatasun-prestazioak, funtzionarioen soldatak, enplegurako diru-laguntzak eta abar. "Gomendioetan zenbait gauza zuzentzea jaso dute, baina ez du politika horiekin bukatzen”. 

Aldi berean gogoratu dute pentsioen kutxatik "Gizarte Segurantzan sekula kotizatu ez duten militar eta funtzionario ohiei pentsioak pagatu zaizkie (15.500 milioi euro 2018an) eta bankuen erreskatea eta beste ordaindu dira, baina dirutza horiek bueltatzeaz ez da ezer esaten”. Mugimenduak adierazi duenez, "hamarkadetan zehar sistemak superabita izan da. Zer egin da superabit horrekin? Estatuak Gizarte Segurantzarekin zein zor du?” Eta "espoliaziotzat” jo dute gertatutakoa. 

Azkenik, mugimenduak salatu duenez, "ekoizpen produktiboan, zerbitzu pribatuetan eta autonomo gisa lan egiten duten pertsonen lan-bizitza 67 urtera arte luzatu nahi duten bitartean, PSOEk eta PPk berriki onartu dute funtzionarioen jubilatze adina 60 urtetan mantentzea. "67 urterekin jubilatzera behartzen zaienekiko mespretxua eta zigorra da hori. Baita aldez aurretik jubilatu eta penalizazioa jasotzen dutenendako ere. Eta batzuk horretara behartuak daude lan erreformen biktima baitira”. Aipatu lan erreforma horiek ere indargabetzea exijitu du pentsio duinen aldeko mugimenduak.