Kamioilari batek gorpu bat aurkitu du kamioiaren sabaian

Guaixe 2020ko abe. 1a, 10:46
Gasolindegiaren ikuspegia airetik. SITNA.ES

Foruzaingoa heriotzaren arrazoiak eta gorpuaren jatorria ikertzen ari da. Garraiolaria Frantziatik zetorren eta han zegoela kolpe handia entzun zuen.

Foruzaingoa gizon baten heriotza ikertzen ari da. Haren gorpua atzo 05:00etan aurkitu zuten, Altsasuko Erkuden ermitaren ondoan dagoen gasolindegian aparkatutako kamioi baten atoiaren, gabarraren, gainean. Frantziako Tolosatik zetorren gidari batek opatu zuen hildakoaren gorpua bere kamioian, eta foruzainei jakinarazi zienez, Frantzian zegoela, Tarbes inguruan (265 km-ra) kolpe bat entzun zuen 02:00ak aldera, baina hasieran ez zion arreta berezirik jarri. Altsasun atseden hartzera gelditu zenean kamioia ikuskatzea erabaki zuen eta orduan opatu zuen zendua. Hildakoa, antza, gizonezko frantziarra da. 

Hildakoak burezurreko traumatismoa zuen. Bere gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntza eta Auzitegi Zientzien Institutura eraman zuten, Iruñera. Foruzaingoak deklarazioa hartu zion kamioilariari, eta ondoren bideari ekin zion. Ikertzaileek hipotesi guztiak zabalik zituzten atzo. Hala ere, autopsiaren eta ikerketa polizialaren emaitzek argitu ahal izango dute gertatutakoa. Foruzaingoak atzo jakinarazi zion guardiako epaileari, Iruñean, atestatu bat ireki zutela gorpua agertu zelako, eta Frantziako Jendarmeriarekin ere harremanetan jarri ziren. Behin kidego autonomikoak eginbideak despedituta, Frantziako Poliziari igorriko zaizkio, ikerketarekin jarrai dezan.