Altsasuarrek herriko bizikidetza planean parte-hartzeko aukera dute

Guaixe 2020ko abe. 8a, 10:11

Iortia kultur guneko kutxan edo udalaren web orrian eman dezakete altsasuarrek iritzia.

Lehen fasean egungo bizikidetzari buruzko diagnosia egiten ari dira. Altsasuarrek beraien iritzia Iortia kultur gunean jarritako kutxaren edo www.altsasu.eus web orriaren bidez eman dezakete, ilbeltzaren 6ra arte. 

Altsasuko Udala Bizikidetza Plan bat prestatzen ari da. Bizikidetza eta Historia Memoria Batzordeko buru Jokin Zelaia Oiarbidek azaldu duenez, “helburua da herriko gizarte-harremanak nolakoak diren hobeto ulertzea eta, era berean, alderdi positiboak eta hobetu ditzakegunak identifikatzea. Herriko bizikidetzaren arloko premiei buruzko begirada partekatu bat eraiki nahi dugu”. Horretarako, udalak herriko politika, gizarte eta hezkuntza eragileekin partaidetza-espazioak eta -prozesuak ireki nahi ditu, “hausnarketa ordenatua eta parte-hartzailea izan dadin”. 

Diagnostikoa egiteko Nafarroako Gobernuaren 8.000 euroko dirulaguntza jaso zuen udalak eta haren bidez Arete Arctiva kontsultorea aholkularitza kontratatu zuen. Irailaren 24tik daude lanean. Haien lehen egitekoa hainbat arlotako 20 herritar elkarrizketatzea izan da. “Bizikidetzaren egoerari buruz dauden ikuspegi desberdinak jaso nahi izan dituzte, ahalik eta aniztasun handiena hartzen saiatuz, horiek guztiak behar bezala ordezkatuta gera daitezen”. Bestalde, aurreko astean bi hizketa talde bilera egin zituzten. 

Galdetegia 
Diagnostikoa egiterakoan horien guztien osagarri da herritarrei zabaldutako parte hartze prozesua. Zelaiak azaldu duenez, “altsasuarren iradokizunak ezagutu nahi ditu, gure herriko gizarte-harremanak hobeto ulertzeko eta alderdi positiboak zein hobetu ditzakegunak identifikatzeko”. Iortia kultur guneko kutxaren bidez edo udalaren webgunearen bidez galdetegia erantzuteko gonbidapena luzatu du Zelaiak. 

Bost galdera dira erantzun beharrekoak, generoarenaz aparte: bizikidetzaz zer ulertzen duzu? Zer iritzi duzu Altsasuko bizikidetzaren egoerari buruz? Gure herriaren bizikidetzari laguntzen dioten alderdi positiboak zein dira?  Altsasuko bizilagunen arteko harreman sozialari eragiten dion egoeraren bat identifika dezakezu? Eta Altsasun bizikidetza hobetzeko proposamenen bat duzu?

Behin diagnosia despedituta, Altsasuko Udalak foru administrazioaren dirulaguntza jasoko balu, bigarren faseari ekinen lioke, bizikidetza plana egiteari.