Ezker abertzalea: “lehenik herria kontuan hartu!”

Sakanako LAB, Sortu eta Ernaiko kideek biharko mobilizaziora dei egiten.

Larunbatean, 18:00etan, Altsasuko Foru plazatik bi zutabe abiatuko dira Iortia kultur gune parean bukatzeko. Mobilizazioak ‘Gure hautua, bizitzak! Lehenik herria!’ leloa du.

Sakanako ezker abertzaleak ibarreko herritar guztiak larunbateko deialdia parte hartzera deitu ditu: “Nafarroan pandemiaren bigarren olatua baretzen ari dela dirudienean beharrezkoa ikusten dugu kalera atera eta langile eta herri sektoreen eskubideen defentsa egitea. Bada garaia politika publikoetan lehenik herria kontuan hartzeko”.

LABek, Sortuk eta Ernaik testuinguru horretan sei aldarrikapen egin nahi dituzte. Batetik, zerbitzu publikoak indartzeko deia. Eta arlo horren barruan ezinbestekotzat jo dituzte zaintza kolektiboa erdigunean jartzea, osasun zerbitzuak hobetzea eta kalitatezko hezkuntza bermatzea. Bestetik, Sakanako ezker abertzaleak langileak babestu beharra ikusi du, eta haiekin batera langabetuak, lan prekarioa dutenak, lana arriskuan dutenak… Aldi berean, hiruko deitzaileak politika publikoak jendartearen beharretara zuzendu behar direla gaztigatu du. 

Larunbateko deialdian gizarte eta ekonomia eredu berria eraikitzeko beharra nabarmenduko dute. Sakanako ezker abertzalearen iritziz, “Amalurra errespetatuko duen eredu (erre)produktibo berria, balore feministetan ardaztua” behar da, “bizitza duina helburu” duena. Horrekin batera, kontrol sozialaren kontra egin dute: “osasun krisiari aurre egiteko polizia erabiltzen duenak ez du herritarron ongizatea bilatzen”. Azkenik, Sakanako ezker abertzalearen iritziz “politika ekonomiko eta publikoak Euskal Herrian erabakitzeko gaitasuna beharrezkoa da”.