Zinema eta musika elkarrekin doazelako

Guaixe 2020ko abe. 7a, 12:10

Suakairen 'Luces, camara ¡Acción!' ikuskizuna. SUAKAI

Suakai taldeak 'Luces, camara, ¡Acción!' ikuskizuna eginen du bihar, abenduak 8, 17:00etan eta 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. Soinu bandak ditu ikuskizunak oinarrian, baita mundua aldatzeko mezuak ere

Musikaren mundua "profesionalizatu" nahi izan zuten Claudia Oses eta Ivan Carmona musikariek. Biolina eta biolontxeloa jotzen dute, hurrenez hurren, eta Orkestra Sinfonikoetatik haratago musikari profesionalak izan nahi zuten. "Zaila zen, ero samar egon behar duzu hori egiteko". Erokeriatik abiatuta Suakai taldea sortu zuten. Hiru urte ondoren laugarren ikuskizuna mustu dute: Luces, camaras, ¡Acción!.

Martxoaren 19an ikuskizunaren emanaldia aurreikusita zegoen Iortia kultur gunean, baina koronabirusak sortutako osasun krisialdiagatik bertan behera gelditu zen, eta, azkenean, bihar, abenduak 8an, 17:00etan eta 19:00etan, Suakai taldeak Luces, camara, ¡Acción! ikuskizuna eginen du Altsasun. 

Zinema eta musika 
Osesen erreferente bat Cirque du Soleil konpainia da. "Ez da antzerkia bakarrik, musikak garrantzia handia hartzen du". Zirku konpainia ezagunean bezala, zineak musikarik gabe "ez duela zentzurik" esan du biolinistak: "egia esan, musikarik gabe munduak ez luke zentzurik izango". Hortaz, Suakairen helburua da "musika ez izatea laguntzaile, hau da, musika ekoizpenaren parte izatea".

Luces, camaras, ¡Accion! ikuskizuna zinema eta musika uztartzeko xedearekin egin zuten. "Taldeak izan zuen lehenengo ideietariko bat izan zen". Teknikoki erronka handia izan dela azaldu du Osesek. "Gure ikuskizunei buelta bat ematen saiatzen gara, musikarekin zertxobait berritzea".

Soinu bandak "bai publikoari bai guri izugarri gustatzen zaizkigu". Musika "gogoratzea eragiten dizun" arterik indartsuena dela esan du, horregatik, "soinu bandek magia berezia dute". Gainera, Suakairen leloa "musikarekin mundua aldatu daiteke", Sorpresaren bat dagoela azaldu du Osesek; "Carlos Serrano argi ingeniaria da, eta argiekin jolasten du. Oilo larrua jartzen zait".