Saskibaloia

Denboraldiko laugarren garaipena lortu du CBASK-Jatorman taldeak

Guaixe 2020ko abe. 15a, 11:15

Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailako 8. jardunaldian Altsasuko saskibaloi taldeak 74 eta 58 hartu zuen mendean Aranguren Mutilbasket

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Gizonezkoen Autonomien Arteko Saskibaloiko 2. mailako 2020/2021 denboraldia abian da. Profesional mailako taldeak kontuan hartu gabe, hau da Nafarroan jokoan dagoen liga bakarra, gainontzekoak ez baitira hasi, COVID-19 dela eta.

Asteburuan txapelketako 8. jardunaldia jokatu zen eta Altsasuko CBASK-Jatorman taldeak Aranguren Mutilbasket taldea hartu zuen igandean Zelandi kiroldegian. Partida lehiatua izan zen, baina talde altsasuarrak aurrea hartu eta, maisuki, 74 eta 58 irabazi zuen, eta denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen. Lau partida jokatu dituzte altsasuarrek, eta lauak irabazi dituzte. 

San Cernin taldea da Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailako lider berria (11 puntu). CBASK-Jatorman taldeak 4. postuan jarraitzen du, 2 partida gutxiago jokatuta, 8 punturekin. 
Larunbatean, abenduak 19, CBASK-Jatorman taldeak Larraona Claret hartuko du Zelandi kiroldegian 18:00etan hasiko den partidan. Larraona Claretek 7 puntu ditu eta 5. postuan dago sailkapenean. Beraz, bi arerio zuzenen arteko partida izango da larunbatekoa eta ea Altsasuko taldeak garaipenaren bidean jarraitu eta Larraona Claret atzean uzten duen.