Zainduz elkarteak bere burua aurkeztuko du

Guaixe 2020ko abe. 15a, 12:24
Jendea Aita Barandiaran adinduen egoitza ondotik pasatzen. Artxiboa

Bihar, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da. Nafarroako adinduen egoitzetako erabiltzaileen senideek osatu dute elkartea, beraien senideen eskubideak defendatzeko helburuarekin.

Haien senideen egoerarekin kezkatuta, Nafarroako hainbat herrietako jendea kezkak partekatu dituzte urtean zehar. Eta kezka horietatik jendaurrera atera zen Zainduz elkartea lastailaren 19an, 30 egoiliarren familiek osatuta. Elkarteko kideen iritziz, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak agerian utzi du zerbitzuaren kalitatea “hondatu” dela. Eta horren atzean ikusi dituzte “aurrekontuen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioak, langile falta, lan baldintzen prekarietatea eta erakundeek ikuskapenak egiteari uztea”. 

Gaur egun adinekoen egoitzetan hainbat defizit atzeman dituzte Zainduz elkarteko kideek. Konponbidean parte izateko prest daude. Horretarako, “pandemiari aurre egiteko hartzen diren neurri eta protokoloen ebaluazioan eta bisiten eta irteeren kudeaketan” parte hartu nahi dutela adierazi dute. Gainera, elkarrizketa eta gizarte-eragileen parte-hartzearen bidez, administrazioari eskatu diote “mendekotasuna artatzeko egungo eredua alda dezala, izaera unibertsaleko gizarte- eta osasun-zerbitzuen sare publikoa sustatuz, partaidetzazko hurbilekoa eta arreta duina eta kalitatezkoa duena, sistema osoaren kontrol zorrotza eramanez”.

Harremanetarako 
Zainduz elkarteko sustatzaileek mendekotasuna duten adinekoen senideak antolatzera animatu dituzte. Haiekin harremanetan jartzeko biharko hitzaldira joan daiteke, edo zainduz.cuidando@gmail.com e-posta bidez jarri daiteke harremanetan.