Bateragunekoa berriro epaitzeko erabakia salatzera deitu dute

Guaixe 2020ko abe. 16a, 19:15
Deialdiko kartela.

Larunbatean, 12:00etan, herri guztietako udaletxeen parean kontzentrazioak eginen dira alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek deituta.

Espainiako Auzitegi Gorenak “Bateragune auzia” delakoagatik zigortutako sei pertsonak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du hainbat arlotan. Askoren iritziz “oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa da”. Hori dela eta, “hausnarketa bateratua eta kolektiboa” egin dute Euskal Autonomia Elkarteko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen artean. Guztiek adostu dute “erabaki judizial horri erantzun irmo eta zeharkakoa ematea”. Horregatik, herritarrak larunbat eguerdian herrietan “Demokrazia” lelopean eginen diren kontzentrazioetan parte hartzera deitu dute. Aldi berean dei egin herri, gizarte eta kultur eragile guztiei deialdi horrekin bat egin dezaten eta, era berean, gonbidapena gizarte osoari zabal diezaioten.

Mobilizaziorako deialdia honako eragileek egin dute: ELA, LAB, Steilas, ESK, Ahal Dugu Euskadi, Ezker Anitza IU, EH Bildu, Nafarroako Ezker Batua, EH Bai, Gure Esku Dago, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat.