Hirigintza hazkunde mugatua aurreikusi du udalak

Guaixe 2020ko abe. 30a, 09:17

Hirigintza planaren lurraldearen okupaziorako estrategia eta ereduaren atariko bertsioa bi hilabetez jendaurrean dago jendeak nahi dituen ekarpenak egiteko. 

Altsasuko Udalak Udal Plan Orokorra edo hirigintza plana berritzeko prozesua hasia du. Haren lurraldearen okupaziorako estrategia eta ereduaren atariko bertsioa azaroaren 26an onartu zuen Geroa Bairen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Udalak hirigintza hazkunde mugatuaren aldeko apustua egin du: “aukera hori ekonomikoki bideragarria da hiri-garapen partzialak ahalbidetzeko erreserba gisako merkatu-egoera normalean, bizitegitarako lurzoruak hartzeko gaitasun egokia duelako, topografia leuna duelako, orientazio ona duelako, egungo hiri-lurzoruekin eta distantzia txikira irits daitezkeen oinarrizko hirigintza-zerbitzuekin jarraitzen duelako”. 

Onartutako agiria udaletxean edo www.altsasu.eus webgunean kontsultatu daiteke dagoeneko. Onartzearekin batera, bi hilabete jendaurreko informazio-aldia zabaldu zuen. Altsasuarrek eta pertsona interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazioak, eragozpenak edo oharrak egin ditzakete, horretarako otsailaren 10era arteko epea dute (hura barne). 

Onartutakoaz
Plan berrian urbanizatzea aurreikusten den eremu berriak 216.500 m² ditu. Herriaren ipar-ekialdean dago, klinikaren atzeko partetik Mendizabalgain, Buztindegi, Otai, Pilotajauku eta Aldagoitiaraino. Guztira 860 etxebizitza egiteko aukera dago, 40 etxebizitza hektareako gutxi gorabehera. Aurreko hirigintza planean hirigintza hedapen eremuen ondoan daude. Haietako asko garatu gabe daude eta guztira 270.000 m² hartzen dute. Esaterako, Arkangoa, kiroldegiaren eta A-1 autobiaren artean, Amandrea, Beikolar edo Lezalde. 

Agirian aurreratu denez, hiri hedapena gauzatzeko jarduketa sistema, oro har, konpentsaziokoa izanen da, ekimen partikularrekoa. Ondorioz, udalak gastua aurreratzeko aurreikuspenik ez luke egin beharko. Gaur egungo planean lankidetza sistema dago indarrean, hau da, udalak sustatzen ditu hirigintza hedapenak eta lurjabeen kontura. Horrek makina bat auzibide sortu ditu. 

Industrialdeei dagokienez, plan berriak Kapitansoron, Erkuden ermitaren eta A-1 autobiaren artean, 613.000 m²-ko industrialdea aurreikusten du. Harekin udalak enpresa berriak erakarri nahi lituzke. Bestalde, aurreko planetan industrialde gisa jaso eta berrantolatu gabeko 91.200 m² daude; Dermau batez ere, eta partzelatxoak Lastain eta Ibarrean.