Sindikatuak espetxe politika aldatzea eskatzeko, kalera

Guaixe 2020ko abe. 17a, 18:20

Sindikatuek aurretik bat egin dute Izan Bidea dinamikarekin. Argazkia: Sare.

Bihar, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean bilkuran eginen da sindikatuek deituta eta sakandarrak bertan parte hartzera deitu dituzte.

Sareren Izan Bidea dinamikarekin bat egin dute ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, HIRUk, EHNEk eta CGTk eta bihar berriro erakutsiko dute euskal presoen eskubideen eta haiek Euskal Herriratzearen aldeko jarrera. Deitzaileek azaldu dutenez, “espetxean dauden presoek jasaten duten urruntzeari akabera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia dago”.  Aldarrikapen horiek kalera aterako dituzte sindikatuek atzera ere, presoak etxeratzearen eskaera ikusgarriagoa egiteko. 

Bestalde, Sarek Nafarroako mobilizazioa antolatu du larunbatean, 17:30ean. Berriozar Euskal Herria plazara deitu dute. Handik “iluntasunari etxerako argia” lelopean Iruñeko kartzelarainoko martxa abiatuko da. Sarek lau aldarrikapen zabaldu nahi ditu larunbatean: motxiladun haurrak gurasoekin egon behar dutela, etxeratze prozesua ahalbidetzen duen gradu-progresioa preso guztiei aplikatu behar zaiela, urruntze politikarekin behin betiko bukatu behar dela eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela.