AGAk eskubide politikoen eta sozialen alde deitu du

Guaixe 2020ko abe. 17a, 17:26

Gaztetxearen urteurren ospakizunean bildutako jendea.

Bihar, 18:00etan, Altsasuko Gazte Asanbladak deituta kontzentrazioa eginen da Foru plazan. Ezarritakoak osasun neurriak baino kontrol sozialerako neurriak direla salatu du. Antolatzeko eta borrokatzeko deia egin du.

Hiru puntu aldarrikatu nahi dituzte gaurko mobilizazioarekin Altsasuko Gazte Asanbladako kideek (AGA). Batetik, gazteekiko kriminalizazioa gelditzea: “gazteak bihurtu nahi dituzte COVID-19 gaitzak sortutako egoeraren erantzule, produkzioa bere osotasunean mantentzen den bitartean”. Bestetik, askatasun politikoak bermatzea eta jardun politikoa zilegi dela aldarrikatuko dute: “guk jardun politikoarekin jarraituko dugu, ezinbestekoa ikusten baitugu, eta guztion osasunarekin bateragarria baita”. Azkenik, gaurko bilkurarekin “egoera honetan errepresioak izan duen gorakada” salatuko dute AGAko kideek, “langileriaren kontra oldartzeko jarrera areagotu delako”. 

Gazte erakundeak gaztigatu duenez, egungo egoeran “estatu burgesen helburu argia izan da pandemia ahal den moduan kontrolatzea sistema kapitalistaren produkzioa guztiz bermatzeko. Pandemia hasi zenetik ez da birusa guztiz deuseztatzeko neurririk. Hartutako neurri guztiak langileon arlo sozialean inposatu zaizkigu, gure askatasun sozial eta politikoak mugatuz”. AGAko kideen iritziz, “argi dago hartutako neurriak ez direla osasuna bermatzeko, langileria politikoki eta sozialki kontrolatzeko baizik”. Azken hori ez dela bidea gaztigatu dute gazte erakundetik.