16.000 euro “isun politikoetan”

Guaixe 2020ko abe. 22a, 10:52

Altsasuko isunen taldeak eman du jasotako isunen berri.

23 altsasuarrek 34 isun jaso dituzte eta gehiago etorri daitezkeela uste dute. Dirua lortzeko produktuz betetako zareen zozketarako txartelak saltzen hasi dira.

Euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzeko edo Patxi Ruiz preso politikoaren egoera salatzeko eta hari elkartasuna adierazteko maiatzean eta garagarrilean mobilizazioetan parte hartu dutenek jaso dituzte isunak. Guardia Civilak jarri ditu bilkuretan “osasun neurriak bermatu ez direlako, hori egia ez denean. Beste behin, Mozal legearen babespean, Guardia Civilaren hitza gurearen kontra, identifikaziorik edo argazkirik egon gabe”. Hala salatu dute Altsasuko isunen taldeko kideek.  

Halako isunei “buroerrepresioa” deitzen diote taldeko kideek. Gaineratu dutenez, “herria isilarazteko eta desmobilizatzeko estatuaren beste arma bat besterik ez da errepresio eredu hori. Behin eta berriz esan dugu eta esaten jarraituko dugu, onartezina da edozein adierazpenengatik, elkartasuna adierazteagatik edota iritziak kaleratzeagatik isunak jasotzea”. Altsasuko isunen taldeko kideek jakinarazi dutenez, “lan politikoa edo aldarrikapen batengatik isuna jasoko duen guztiei lege eta ekonomia babesa bermatzeko lanean segituko dugu”. 

Taldeko kideek halako isunak iristen direnean ordaintzeko diru poltsa bat dute. Diru hori aurreko urteetan gaztetxean egindako pintxo poteetatik, zareen zozketetatik, San Pedron jarritako barratik eta bestelako ekimenetatik lortu dute. Eguberriak baliatuta taldeak produktuz betetako zareen zozketarako txartelak atera eta salgai jarri ditu.