Altsasu Bonoa: 77 komertziok parte hartu zuten eta 4.089 abonu saldu ziren

Guaixe 2020ko abe. 21a, 09:32

Altsasuko eskaintzak jendea erakartzen du.

Altsasuko Dendarien Elkarteak herriko merkataritza sustatzeko Altsasuko Udalarekin batera antolatutako ekimenaren balorazio positiboa egin du eta parte hartu duten merkatariek uste dute kanpainak herriko saltokiak benetan bultzatu zituela.

Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko, Altsasuko Udalak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) Altsasu bonua izeneko kontsumo abonua sustatu zuten udan. Bonu bakoitzak 30 euro balio zuen eta Iortia Kultur Gunean erosi behar ziren. Establezimenduetan 40 euroko edo gehiagoko erosketa eginez gero, eta Altsasu bonua erakutsita, 10 euroko beherapena egiten zitzaion bezeroari. 

Altsasuko Dendarien Elkarteak Altsasuko Udaleko ekonomia garapenerako batzordean aurkeztu zituen Altsasu Bonua kanpainaren emaitzak azaroaren 25ean. ADEko Mikel Cabestrero teknikariak jakinarazi zuenez, 77 denda, zerbitzu eta ostalaritza gunek parte hartu zuten eta guztira 4.089 abonu saldu ziren Iortia Kultur Gunean. Txartelak nagusiki modan, oinetakoetan eta osagarrietan trukatu ziren (%45,10), kirolean (%15,17) eta liburu denda eta papergintzan (%8,04). 

Kanpainan parte hartu zuten saltokiek begi onez jo dute ekimena. %87k adierazi zuten kanpainak herriko saltokiak benetan bultzatu zituela, eta %93ak azaldu zuen 2021ean kanpaina errepikatuko luketela. Halaber, %46k nabarmendu zuten beren saltokietan normalean izaten ez dituzten bezeroak izan zituztela. 

ADEk dozenaka sari sorpresa zozketatuko ditu “Nik? Altsasun” abenduko kanpainan
Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE), Altsasuko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, abenduan elkarteko denda eta saltokietan egiten diren erosketak sarituko ditu “Nik? Altsasun” lelopean martxan jarri duen abenduko kanpainarekin. Abenduaren 24ra bitartean ADEn biltzen diren 37 saltokietako edozeinetan erosketak egiten dituztenek txartel zenbakidunak jasoko dituzte, eta abenduaren 25ean dozenaka sari sorpresa zozketatuko dira. Saridunen berri www.sakanakogida.eus webgunean eta ADEaren sare sozialetan emango da. 

COVID-19 pandemia dela eta, aurten zozketa formatu honen alde egin du ADEko batzordeak, jende bilkurak ekiditeko. Halaber, txartel zenbakidunak banatuko dira, erosleek euren datuekin txartelak bete eta boligrafoak erabiltzea ekiditeko.