Pilota / Erremontea

Altsasuk Eguberrietako Banakako Erremonte Txapelketako finalerdiarekin mustuko ditu Burunda pilotalekuko lanak

Guaixe 2020ko abe. 24a, 11:00

Abenduaren 26an, larunbata, 17:30ean, Zeberio II.aren, Ionen eta Otanoren arteko triangeluarra jokatuko da lanak egin eta gero itxura berritua duen Burunda pilotalekuan

Burunda pilotalekuan bukatu berri diren lanak ikusteko aukera paregabea izango da larunbatean, abenduak 26, Altsasuko pilotalekuak lanen ondotiko lehendabiziko jaialdia hartuko baitu. Hain zuzen ere, 15. Eguberrietako Banakako Txapelketa-Magna Sari Nagusiko bigarren finalerdiak jokatuko dira Burundan, Euskal Jai Remonte Fundazioak Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatuta. 17:30ean hasita. Lehenik eta behin binakako partida jokatuko da: Aldabe eta Agirrezabala Matxin III.aren eta Larretxearen kontra, 35 tantotara. Eta, ondoren, Banakako Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute Zeberio II.ak, Ionek eta Otanok, formatu triangeluarrean. Hau da, hirurak hiruren kontra ariko dira eta onena sailkatuko da final handirako. 

Jasotakoa Josefina Arregi Klinikarendako
COVID-19 pandemia dela eta, beharrezko segurtasun neurriak zainduko dira, edukiera, distantzia eta beste. Sarrerak salgai daude, 5 eurotan, Iortia Kultur Gunean. Eguberrietako Banakako Erremonte Txapelketako antolatzaileak, Euskal Jai Remontek, sarreretan jasotakoa Josefina Arregi klinikari emango dio, dohaintzan. 

91.581,64 euroko lanak
Burunda frontoia 1954ko irailaren 14an mustu zen, baina ez zuen irekitzeko lizentziarik. Irregulartasun larri hori lehenbailehen konpontzeko eta Nafarroako Gobernuaren Babes Zibilaren eskakizuna bete ahal izateko, Altsasuko Udalak zenbait aldaketa egin ditu erakinean. Esaterako, harmailetako pasabideak edo ebakuazio bideak zabaldu egin dira. Horretarako, harmaila erdian dauden bideetako bi aldeetako ilara guztietako aulki bana kendu da, eta ertzetako bideetan beste bat. Ate bat ere aldatu dute. Aldi berean, kantxaren ondoko aldean aldagela edo komun egokiturik ez zegoen, eta egin da, eta irisgarritasun araudira egokitzeko arkitektura oztopoak kendu ditu udalak. Horrekin batera, kantxako zoladura leundu dute. Lanek 91.581,64 euroko aurrekontua izan dute.