Granizo eta Alegre Mariano Izeta Sariketan

Guaixe 2020ko abe. 24a, 12:58

Idoia Granizo, ezkerrean, eta Ekain Alegre, eskuinean, Iturmendin egin zen Bardoak saioan. NBE / ARTXIBOA

Igandean, abenduaren 27an, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatutako sariketa jokatu da Iruritan; goizean kanporaketak eta arratsaldean finala izanen da

Bederatzigarrenez, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak Izeta gogoan bere izenean sortutako sariketa antolatu dute, beharrezko neurri guztiak bermatuz eta “kulturarekiko eta bertsolaritzarekiko apustuari eutsiz”, elkartetik adierazi duten bezala. Sariketa abenduaren 27an, igandea, jokatuko da Iruritako Gizarte Bilgunean. Antolatzaileek egun osoko egitaraua osatu dute: goizean bi kanporaketa izanen dira, zortzina bertsolariekin, eta hortik sei arratsaldeko finalerako sailkatuko dira. Parte hartuko duten bertsolarien artean Idoia Granizo eta Ekain Alegre altsasuarrak egonen dira, goizeko bigarren kanporaketan, 12:45etik aurrera.

Mariano Izeta Sariketa 2004. urtean antolatu zuten lehenengo aldiz, eta bi urtean behin jokatzen da. 16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako bertsolariek parte hartzen dute. Aurten, IX. Edizioa jokatuko da eta lehen kanporaketan, 11:00etan, Patxi Castillo, Bittori Elizalde, Irati Majuelo, Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterrazu, Ainara Ieregi, Mikel Lasarte eta Beñat Astiz bertsolariek parte hartu dute; gai jartzailea Maialen Belarra izanen da. Bigarren kanporaketan, 12:45ean, Sarai Robles, Amaia Lasheras, Endika Legarra, Etxahun Azkarraga, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Idoia Granizo eta Ekain Alegre bertsolariek parte hartuko dute, eta gai jartzailea Ainhoa Larretxea izanen da.

Finala 17:30ean jokatuko da eta lehen eta bigarren kanporaketetako irabazleak, puntuazioaren araberako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren gelditzen direnak sailkatuko dira. Finalean gai jartzailea Ander Aranburu izanen da.

Pandemia egoera dela eta edukiera mugatuta dago eta, beraz, finalerako sarrerak aldez aurretik erosi behar dira www.bertsosarrerak.eus atarian, abenduaren 27ko 15:00ak arte. Kanporaketetarako sarrera librea da, baina edukiera kontrolatzeko tokia erreserbatu behar da nafarroa@bertsozale.eus helbidean.