ADEren zozketa bertan behera

Guaixe 2020ko abe. 23a, 19:51

Kartel bidez jakinarazi dute zozketa ez dela eginen.

Elkarteko zuzendaritza batzordeak “eteteak sor dezakeen kaltea” sentitzen duela adierazi du eta aurki bezeroak saritzeko jarduera berriak iragarriko dituztela gaztigatu du.

Altsasuko Dendarien Elkarteak jakinarazi duenez, ostiralean egitekoa zen zozketa bertan behera utzi du, bazkide bat hil zelako. Jakina denez, elkarteko kide diren establezimenduetan erosketak egiten zutenek zozketarako txartelak banatu dituzte. Zozketarik eginen ez denez, txartelak baliorik gabe gelditu direla jakinarazi dute ADEko kideek. Aldi berean, elkarteak eskerrak eman dizkio Altsasuko Udalari zozketaren antolaketan emandako laguntzeagatik. Esker oneko hitzak izan dituzte ere “Altsasuko tokiko merkataritzari laguntzen eta gure saltokietatik pasa diren herritar guztiendako”.

ADEko zuzendaritza batzordeak zozketa bertan behera uzteak eragindako kaltea sentitzen duela adierazi du. Eta jakinarazi duenez, “laster, osasun-krisiaren egoerak aukera ematen badu, jarduera berriak eginen ditugu, bai bezero guztiak sarituz, bai 2021ean stock azoka eginez”.