Enrique Fernandez de Garayalde y Lazcano Zelaya, Enrike Zelaia bezala ezaguna, 1939. urteko uztailaren 13an jaio zen, Altsasun. Espainiako Gerra Zibila bukatu zen urtean. Pertsona oso berezi batek bataiatu zuen: On Marino Aierra apaiza; Altsasun gerra garaian garrantzia handia izan zuen pertsona. Egin zituen azkenengo bataioak izanen ziren, ondoren, Argentinara erbesteratu zelako. Enrike Zelaia sei urterekin hasi zen musika ikasten, eta akordeoiaren munduko erreferentea bihurtu zen haren birtuosismo eta estilo indartsuarekin.
Pena bat du bere bizitzan: "belarrimotza" dela; euskara ezin izan duela ikasi. Baina bere bizitza euskal musikaren, eta haren bidez, kulturaren eta folklorearen ikerketan eskaini du. "Gure jatorria ezagutzea beharrezkoa da, inposatutakoari aurre egiteko". Hortaz, Altsasuko festa eta ohitura ia gehienak ospatzen badira, neurri handi batean, Zelaiaren lanari esker da.
Aurten Zazpiak bat disko bildumak 25 urte bete ditu. 1970. hamarkadako bukaeran kaleratu zuen lehenego diskoa, eta ia hogei urtez aritu zen Euskal Herriko herrialde bakoitzeko musika jasotzen, ikertzen eta grabatzen.
Akordeoilaria
Sei urterekin jaso zituen Enrike Zelaiak lehenengo solfeo eta instrumentu ikasketak. Garai horretan bere amari bururatu zitzaion udaleko musika akademian izena ematea. Akademian herriko musika bandarako musikariak trebatzen zituzten. Sei urtetatik hamar urteetara joan zen Zelaia akademiara. Klarinetea ikasten hasi zen. "Fase horretan solfeoarekin hasi nintzen eta instrumentu banaketan klarinetea tokatu zitzaidan. Klarinetea zaharra zen, bandan erabiltzen zuten, eta nahiko hondatuta zegoen. Bi pertsonek berarekin ikasten genuen. Jotzen genuen eta ez zuen ezerk funtzionatzen". Klarinete horrekin ezin zuen asko ikasi, eta hamar urte zituela bere aitak akordeoi bat erosi zuen eta Altsasuko Miguel Aguirre Beti Jairekin akordeoia ikasten hasi zen. Herri eta folklore musika ikasten zuen.
15 urterekin Zumarragako bandako zuzendariarekin klaseak ematen hasi zen, bere amak bidalita. "Horrekin berbenetako musika jotzen hasi nintzen, herrietan". Altsasu festetako musika taldeen "epizentroa" zela esan du musikariak. "Orkestra asko zeuden, eta herri askotako jendea etortzen zen musikariak bilatzera". Talde batean parte hartzen zuen Zelaiak. "Funtzionatzen" zuela ikusita, beste fase batera salto egin zuen: musika kultua. Zumarragan hasi zen, eta ondoren Bartzelonako Mozart institutura joan zen. "Bertan solfeo ikasketak hobetu nituen, harmonia eman nuen, konposizioa… eta klasikoak jotzen ikasi nuen". Teknikoki maila handiko partiturak interpretatzen ikasi zuen altsasuarrak: Rapsodia Hungara nº2, Lisztenen Campanella eta abar.
23 urtera arte musika kultoa jotzen aritu zen. Espainia, Europa eta Mundu mailako lehiaketetan parte hartu zuen. "Praktikoki mundu horretan sartzeak suposatzen zuen, eta etorkizunaren ateak irekitzen zitzaizkizula esaten zuten". Lehiaketetan parte hartzeko propaganda zela azaldu du musikariak. 1958. urtean Espainiako akordeoi saria irabazi zuen, Munduko bostgarren izan zen eta Nazioarteko Paviako lehiaketan bigarren sailkatua izan zen ere. "Sari horiekin nahiko ospea lortu nuen, eta eszenatokietan fase berri batean sartu nintzen: musika kultuko kontzertuak ematen hasi nintzen".
Enrike Zelaia 2015eko Folklore egunean. ARTXIBOA
Musika kultua
Zelaia bakarlari bezala musika klasikoko edo kultuko kontzertuak ematen hasi zen. "Ordu bateko kontzertuak ematen nituen. Sariekin ospe nahikoa lortu nuenez omenaldiak egiten zizkidaten eta horrek bultzada eman zidan etorkizuneko plan berri bat egiteko". Beste maila bateko musika eskaintzen zuen. "Jendeari gustatzen zitzaion, gehien bat Gipuzkoan". Hiriburuetan ere jotzen zuela gogoan du musikariak. Baina ez ziren horretaz bizitzeko nahiko emanaldiak, eta musika estilo horrekin beste espazio batzuetara zabaltzen saiatu zen. Saridunaren "ospearekin" Bartzelonara eta Madrilera joan zen, "bertan ere ezaguna nintzelako". Hala ere, lehiaketa horietan agintzen zuten ospea ez zen praktikara eramaten: "Ez zizuten esaten nora edo nondik joan. Bideratuago egon beharko zen, baina jendeak gustuko bazaitu, arrakasta lortzeko aukera izanen duzu".
"Mundua konkistatuko nuela esan zidaten, eta pixkanaka ideia hori desegiten joan zen". Madrilen zirkuan, irratietan, kabaretetan eta abarretan jo behar izan zuela aitortu du Zelaiak. "Hemen baino askoz okerrago egon nintzen". Izan ere, Euskal Herrian kontzertuak eskaintzen zituen, baina Madrilen "horrelako lekuetan" jotzeko baino ez zioten deitzen. "Ni ez nintzen horretarako joan". Gainera, garai horretan soldaduska egitera Afrikara bidali zuten, eta urte eta erdi bertan egon zen. "Hor moztu zen fase hori".
Gezur bat izan zen. "Erabaki nuen horrela ezin nuela jarraitu. Musika klasikoarekin arrakasta lortzeko helburua ez zen posible izan, eta soldaduskaren ondoren, bukatu zen". Hainbeste urte, ezin ziren hutsean gelditu, eta 1963. urtean akademia bat sortu zuen Altsasun. "Nahiko arrakastatsua izan zen, ia ehun ikasle nituen". Baina irakaskuntza ez zitzaion horrenbeste gustatzen musikariari. "Kontraesan bat iruditzen zitzaidan ere. Ni etsituta eta engainatuta sentitzen banintzen, nola jarraitu nezakeen berdina egiten?". Beraz, 1971. urtean akademia ixtea erabaki zuen. "Eta nola amaitu nuen? Espainiako Akordeoilari Elkartearen eskakizuna jarraituz Espainiako Akordeoi Saria antolatu nuen Altsasun". Lehenengo aldiz txapelketa Madriletik edo Bartzelonatik kanpo ospatu zen, eta Altsasun izan zen.
Lehenengo diskoa Akademian zegoen bitartean lehenengo diskoa grabatzeko eskaini zioten. Hispavox diskoetxearekin egin zuen eta euskal folklorearen lau kanta grabatu zituen. "Jaio, bizi eta hil zen inolako arrakastarik gabe". Zerbaitetarako balio izan zuen: "Disko horrengatik beste diskoetxe batetik deitu ninduten, Bartzelonako Belter-retik". Festival Vasco deitutako diskoa grabatu zuen; biniloa, hamabost kantekin. "Arrakasta izugarria izan zuen. Izugarria". Garai hartan 40 principales irratia existituko balitz lehenengo tokian astez egongo zela esan du. Bitartean, akademiarekin eta Altsasun zeukan tabernarekin jarraitzen zuen. "Pentsatzen nuenean utzi behar nuela frustragarri zelako, inoiz baino ospetsuagoa nintzen. Eta ez zen Espainiako akordeoilari txapelduna izateagatik. Enrike Zelaia bezala zen".
"Aurreko fasean okertuta egon nintzela pentsatu nuen, bai irakaskuntzan bai musika, musika klasikoa jotzearen erabaki hori ez zelako egokiena". Baina, zergatik izan zuen horren arrakasta handia Festival Vascok? "Lengoaia musikalaren kontua zela konturatu nintzen, euskal folklorearen lengoaia musikala, hain zuzen". Musika teknika altua zeukanez, hasieran maila jaistea zela iruditzen zitzaion. "Baina erabaki nuen lerro horretako errepertorio propioak egitea. Partiturak existitzen ez zirenez, konposatzea erabaki nuen". Konposatu behar zituenez, Euskal Herriko leku askotako partiturak sortzea erabaki zuen. Folklore musikan egiten zenarekin alderatuta "maila oso altuko" musika egiten zuen.
Garai horretan dantza taldeekin emanaldiak egiten hasi zen. Festival Vascoren errepertorioa baino ez zuen, eta hori jotzen zuen. Estilo propioa sortu zuen, "furia" deitzen zuten. Arrakastatsua izan zen. Mila kontzertu inguru eman zituela esan zuen. "Nork pentsatuko zuen posible litzatekeela?". Uda batean egun bakar batean hiru emanaldi zituela gogoratu du: 13:30ean Iruñean, 18:30ean Gernikan eta 2:30ean Agurainen. "Iturri bat zen, inork ez zuen fenomeno hori azaldu".
Herri bat, zazpi disko
Hortik Zazpiak bat sortu zen. Lengoaia propio horretatik jendearenagana iristeko beharretik. "Kontzertu pedagogikoak egiten nituen, eta sinopsi edo aurkezpen bat egiten nuen aurretik. Hori zen osagaia". Hortaz, Bizkaira joaten bazen Bizkaiko musika eskaini nahi zuen, eta Nafarroan jotzen bazuen, nafar musika eskaini nahi zuen. "Festival Vascoren barruan fandango, arin arin eta biribilketak, orokorrean, eskaintzen nituen". Betiere, ez zegoenez ezer idatzita, Zelaiak akordeoirako partiturak sortzen zituen. "Hortik sortu zen lengoaia berezi hori erabiliz herrialde bakoitzari eskainitako diskoa sortzeko aukera: Zazpiak bat".
Hasiera batean bere diskoetxeari disko bilduma egiteko proposamena luzatu zion. Baina Festival Vasco arrakastatsuaren ondoren, beste disko bat grabatu zuen "eta ez zuen hainbeste arrakasta izan". Dagoeneko ez zen zerbait berria, "boom-a" ez zen hain handia izan, "eta hor gelditu zen". Orduan, Euskal Herriko herrialde bakoitzeko disko bat grabatzea proposatu zuen, eta ezetz esan zioten. "Diskoetxetik joatea erabaki nuen, baina ezin nuen lau urteko kontratua sinatuta nuelako. Ez zidaten beste etxe batekin grabatzen uzten". Itxoin behar izan zuen. "Zazpiak bat kontzertuak egiten hasi nintzen 1971. urtean. Baina lehenengo diskoa 1977. urtean kaleratu nuen". Betelerrekin ez zuela ezer gehiago grabatuko erabaki zuen. Denbora pasatu zenean "baja" eman zuen eta Hispavoxekoei galdetu zien: "Ezetz esan zidaten". Diskoetxe bat bilatu behar izan zuen. Azkenean, Ots sortu berri zen Donostiako estudioan grabatu ahal izan zuen. "Ideia gustatu zitzaien eta proiektua haiekin egin nuen".
'Zazpiak bat' disko bilduma. ENRIKE ZELAIA
Folklorista
"Eta nire bizitzarekin jarraitu nuen. Oso zoriontsu nintzen. Zer egin dudan! Hunkigarria zen". Akordeoia jotzea baino zerbait gehiago zen, jendea euskal kulturan sentsibilizatzeko modu bat zen. "Zazpiak bat 18 urtez luzatu zen". Izan ere, Zelaia bakarrik aritu zen: "Ez nuen elkarte bat atzetik ikerketa sailak ikerketak egiten zituela, sormen taldeak konposaketak egiten zituela… nik dena egiten nuen". Irauten zuena irauten zuela aurrera eramanen zuela argi zuen. Gainera, musikariak azaldu duenez, Paco de Luciak garai horretan Andaluziako folklorearekin antzeko proiektu bat garatu zuen. Zelaiak bi printzipioetan bildu du bere lana: "Nafarroako euskal izaera, eta Euskal Herriko batura". Zazpiak bat eta, orokorrean, bere musikaren helburua "euskal kulturaren eta nortasunaren kontzientziazioa" zen.
Kontzertuak Euskal Herritik ematen hasi zenean "herria sentitzen nuen; euskalduna sentitzen nintzen". Hala ere, 24 urterekin "nik ez nekien euskalduna nintzela. Ez nintzelako euskalduna": Etxean eta herria, baita hezkuntza ere, ez ziotela nortasun hori pasatu. "Nire gurasoak euskaraz bizi izan ziren, eta ez zuten euskalduna izatea nahi. Pena hori dut". Ahate itsusia bezala sentitzen zela aipatu du, "zer ari nintzen ni euskaldunekin euskalduna ez banaiz. Zergatik sentitzen nintzen horrela? Zergatik sentitzen nuen euskal musika intentsitate handi horrekin? Ez nuen ulertzen zergatik nafarra izanda ez nintzen euskalduna sentitzen". Liburuetara jo zuen, garai horretan ezkutuan irakurri behar ziren liburuetara. Euskaldunen jatorriari buruz ikertzen hasi zen. "Horrela konturatu nintzen zertaz zihoan gauza. Orduan sentitu nintzen zisne ederrena".
Euskal jatorriari, nortasunari, kulturari, musikari eta folkloreari buruz asko ikertu du Zelaiak, baina "trauma" bat gelditzen zaio oraindik: "Belarrimotza izateagatik". Azaltzen duenez, garai horretan erabaki bat hartu behar izan zuen: "Gauza asko nituen buruan, dena batera etortzen zen, eta buruak ez zuen guztirako ematen. Euskara ikasi, musika ikerketak egitea, musika sortzea… erabakiak hartu behar nituen". Alde batetik, musika zegoen; bestetik, hizkuntza. "Banekien hizkuntza oso garrantzitsua zela, eta saiatu nintzen, baina buruak ez zuen ematen". Euskara ikasteko musika utzi behar zuen. Orduan, pentsatu zuen hizkuntzarekin beste batzuek gauza handiak egin zezaketela, eta egiten ari zirela, baina musikarekin Zelaiak egiten zuena, edonork ez zuela egiten. "Lanean jarraitu nuen efektu gehien sor nezakeenarekin: musika".
Aitortu duenez, kontzertu pedagogikoak egiten zituenez, euskarazko aurkezpenak buruz ikasten zituen. "Arazoa zen kontzertuaren ondoren jendea niregana etortzen zenean eta euskaraz ez nekiela esaten nienean. Ahoskera oso polita nuela esaten zidaten". Beraz, jendea agurtzeari utzi zion, "arazo handi bat izan zen".
1995. urtean publikatu zuen Zazpiak bat disko bildumaren azken diskoa. Duela 25 urte. "Nik uste bai musikalki bai sentsibilitate eta mentalitate aldetik honek guztiak eragina izan duela". Gaur egun, diskoetako abestiak sustatzen jarraitzen du musikariak, sare sozialen bidez. "Abesti bakoitzarekin bideoak egiten ditut, irudiak jarriz, eta bisita asko izaten ditu". Seigarren diskoarekin hasi da orain.
Jatorria
"Eta hori da Altsasun egin nuena ere. Zer egin dezaket Altsasun belarrimotz izateagatik dudan trauma horri aurre egiteko? Nola lor dezaket jendeak herri hau maitatzea?". Musikarekin gertatzen den bezala, elkartzeko elementu bat folklorea dela aipatu du: "Gauzen zergatietara joatea. Nondik gatozen". Euskalduna zela erakusteko, nondik zetorren erakutsi behar zuen.
Nola ez, musika ikerketarekin hasi zen: "Zortzikoa nondik zetorren jakin nahi nuen eta jendeari galdetzen hasi nintzen". Altsasuar bilduma bat aurkitu zuen, "alfonbraren azpian". Baina ez hain gordeta. "Urratzen hasten nintzenean inauteriak ateratzen ziren, eta Santa Ageda, farejoleak…". Dena hor zegoen. "Eta zer zeukan ezarri nahi diguten nortasunetik? Ezer. Desberdinak dira, oso. Kultura hori inposatu digute, eta orain musukoa jarri diguten bezala, beste muturreko bat jarri ziguten tradizio horiei buruz ez hitz egiteko".
Altsasuarrei galdetuz egutegi oso bat osatu zuen Zelaiak. "Ohiturak egun batetik bestera gal daitezke. Altsasuko tradizio asko desagertzear zeuden. Inauteriak galduak zeuden eta berreskuratu genituen; Santa Ageda, esaterako, nik egin nuenean maila baxuko jendeak egiten zutela esaten hasi ziren, eta ez zuten egin nahi… mentalitate itxia izan behar duzu hori esateko". Garai horretan Extremaduratik etorritako immigrazio asko egon zen, "nola eginen dugu haiek honen parte izateko?". Hemengo tradizioen berri ematea garrantzitsua dela esan du musikariak. "Nolakoak garen ezagutarazteko, eta, aldi berea, hemengo tradizioetan eta baloreetan parte hartzera gonbidatzeko. Garenaz harro egon behar gara". Eta harrotasun etortzen direnean kutsatu behar zaie. "Gu bezala sentitu daitezen. Bere kultura maitatzen jarraituko dute, noski. Baina gurea ezagutuko dute ere".
Altsasuko nortasun eta elkargune adierazle nagusiena inauteriak dira. "Hori egiten ari gara. Nondik gatozen jakinda, erabaki behar dugu nora joan nahi dugun. Baloratu behar da, eta erabakiak hartu behar dira, nondik gatozen ahaztu gabe". Hortaz, denborarekin "gauzak aldetzen" direla eta egoerara moldatu behar dela esan du Zelaiak.
Lotsa
1940. hamarkadako Altsasu eta gaur egungo alderatuz, nortasun aldetik, asko hobetu dela esan du Zelaiak. "Lehen euskal nortasuna %3,2 zela esan daiteke". Jendeari euskalduna zela esatea lotsa ematen ziola azaldu du. "Baina lotsa hori aurretik ere bazegoen, 50 urte aurretik sortu zela jakin nuen nik". Hortaz, Zelaiak egindako ikerketa baten arabera, 1910. urtean Altsasuko familia askotan gertatzen zen bi seme-alaba helduenek euskaraz jakitea eta beste laurak ez. "Zer gertatu zen? Ez zekiten azaltzen". Inposizio bat egon zela gaineratu du. "Euskararen irakaskuntza debekatu zuten, baita bere erabilera zigortu ere". Kanpotik etorritakoen aurrean ere, "euskaldunak izateagatik lotsatzen" zirela azaldu du folkloristak. "Gaur egun oraindik pairatzen ari gara. Alderdi desberdinetan. Azkena Altsasuko gazteen auzia izan da. Ez dute gu izatea nahi. Bakoitzak jakin dezala zer egin behar duen, baina nik nire izaera izan nahi dut".
Enrike Zelaiak Altsasuko jai egutegien eta tradizioen aldeko lan handia egin du. Besteak beste, Neguko solstizioaren ospakizunaren sustatzailea izan da. "Arrazoi eta helburu berdinarekin, gure nortasuna adieraztea". Dantzalekuren ondoan egiten dute, "eta kili-kolo dabil". Zelaiaren iritziez, "jendeak ez du nik bezain beste sentitzen ospakizuna hau. Baina oso polita da". Altsasuko folklorearen elementu etnografikoekin osatutako ikuskizuna da Neguko solstizioa, "gure elementuak, nik jasotako. Altsasuko propioak. Ez dut uste beste herrietan bakoitzak bere elementuekin sortutako ikuskizun bat izanen dutenik". Jentilak, momotxorroak, Mari anderea, Santa Ageda, Olentzero… "Guztien fusioa egiten zen". Antolatzeko lan asko egin izan dute, "baina jendea nekatzen da". Proiektua berriz hartu beharko zela uste du, "mimatu eta zaindu behar da". Gabonetan Altsasun egiten zen beste ohitura bat kantuz kantu joatea zen. "Baina gabon kanta gehienak elizarekin bat egiten dute, eta dirua lortzeko egiten da. Hori beste kontu bat da". Bestetik, urteberri egunean auzoa egiten zen, eta egiten da. "Ez da beste parranda bat". Garai batean diru laguntzak ez zeudenez, herriko gauzak konpontzeko auzolanak egiten ziren, eta urte berri egunean udalak askaria ematen zuen. Auzoaz ezkil jotze berezi bat egiten zen. "Mantentzen jarraitu behar dugu. Herri osoa elkartzeko modu bat da". Urtarrilaren 5ean farejoleak ateratzen ziren. "Baina ez da elizak esaten duen bezala Errege Magoak deitzeko. Engainatzen gaituzte". Konjuruak ziren. Urte hasieran lurra prestatzen joan behar ziren, izan ere, lurra garai horretan bizitza zen. Horretaz bizi ziren. "Dendariak eta mandazainak zeuden, baina orokorrean lurraz bizi ziren". Tradizio horien bidez uste zuten larreak purifikatzen zituztela. |