Ekain Alegre IX. Izeta Sariketako finalean

Guaixe 2020ko abe. 29a, 12:20
Ekain Alegre, ezkerrean, IX. Mariano Izeta Sariketako finalistekin. NAF. BERTSOZALE ELKARTEA

Iruritan jokatu zen egun osoan zehar Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko sariketa. Xabat Illarregik jantzi zuen txapela.

Hamasei bertsolarik parte hartu zuten bederatzigarren Izeta Sariketan igandean, Iruritan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu zuten sariketa, edukiera mugatuarekin eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteta. Goizean bi kanporaketa jokatu ziren, eta, tartean, Idoia Granizo eta Ekain Alegre altsasuarrek parte hartu zuten. Sei bertsolarik lortu zuten arratsaldeko finalerako txartela: kanporaketa bakoitzeko irabazleak, Irati Majuelo eta Xabat Illarregi; eta puntuazioaren araberako lau onenak, Sarai Robles, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre eta Ainara Ieregi. 

Finalerako sarrerak agortu ziren, eta Ander Aranburu gai jartzailea izan zen. Hiru epaile aritu ziren: Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena. Horiek emandako puntuak goizeko kanporaketetan bildutako emaitzari batuta atera zen azken emaitza. Xabat Illarregi txapeldunak 323 puntu lortu zituen, Sarai Roblesek 329,5 eta ondoren sailkatu ziren Irati Majuelo (323) eta Ekhiñe Zapiain (321). Ekain Alegre bosgarren sailkatu zen 291,5 punturekin eta, azkenik, Ainara Ieregi (289) sailkatu zen. Bertso onenaren saria Irati Majuelorendako izan zen.