Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) agerraldi jendetsua egin du itxiera mehatxuaren berri emateko. Eta agerraldia baliatu dute “gazteekiko kriminalizazioarekin bukatzea” eskatzeko. Horrekin batera, AGAko kideak askatasun politikoen defentsan eta gaztetxeen defentsan ariko direla berretsi dute. Eta, azkenik, Altsasuko Udalari exijitu diote “Guardia Civilak hasitako prozesuan parte ez hartzeko”.
AGAtik adierazi dutenez, “COVID-19ak sortutako egoera Gaztetxeak ixteko aitzakia gisa erabili nahi dutela argi daukagu. Ulergaitza da kultur etxeak, kiroldegiak, tabernak edo udaletxea zein parlamentuak berak irekiak egon daitezkeela esaten duten garai berean Gaztetxeak itxita egon behar direla esatea. Noski, ez gara gu izango hauek itxita edo irekiak egon behar diren esango dutenak, baina nahikoa gai gara Gaztetxearen erabilera seguru bat ziurtatzeko”.
AGAko kideen iritziz, “Gaztetxea ixteko saiakera arrazoi politiko batzuei erantzuten dio, eta ez osasun arrazoi batzuei. Pandemiaren aitzakiapean, edozein espresio antolatu eta konfrontatiboen aurka jazartzeko aukerari, askatasun politikoen aurkako erasoaldiari erantzuten dio”. Gaineratu dutenez, “krisi garaiotan antolakuntza politikorako beharra inoiz baino garrantzitsuagoa bilakatzen den une berean, Estatuarendako antolakuntza politiko hori jazartzea inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtzen da ere”.
“Errepresio oldarraldia”
Gazteek gaztigatu dutenez, “pandemia kudeatzeko neurriak soilik osasun arlokoak izatetik urrun, langileria politikoki eta sozialki kontrolatzeko errepresio neurriak direla argi dugu”. Eta horren adibide gisa jarri dituzte “16.000 euroko isun politikoak, poliza presentzia itogarria, identifikazioak astero, mobilizazioen debekua, Ruben arbizuarra espetxeratzeko arriskua eta salatzen ari garen erasoa bera”.
Altsasun gertatutakoa “Gaztetxeen kontra Euskal Herrian izaten ari diren erasoen” artean kokatu dute. Donostia, Bilbo, Tolosa edota Gasteizko kasuak aipatu dituzte. “Sakanan bertan foralak Etxarriko Gaztetxean sartu ziren itxi behar zutela esanez. Arbizuko gazte elkartean ere sartu ziren, argazkiak atera eta barruan zeudenak identifikatu zituzten”.