Hiriaren eta herriaren arteko arte prozesuak

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urt. 5a, 12:16

Uholdeak programaren erakusketa Iortia kultur gunean.

Uharte Arte Garaikide zentroaren Uholdeak programaren bigarren edizioaren erakusketa mustu dute Altsasuko Iortia kultur gunean. 'Claustrofilia' Kanpoko bulegoa kolektiboaren proposamena da

2020. urte hasieran Kanpoko bulegoa kolektiboak Uholdeak Uharte Arte Garaikideko zentroak antolatzen duen eta Caixa fundazioak laguntzen duen proiektuan komisariotza eta koordinazioa egiteko proposamena jaso zuen. "Gaia lantzen hasi ginen. Claustrofilia aukeratu genuen artistak aukeratzeko baita erakusketa laguntzen duten ekimenak egiteko ere". Uholdeak proiektuaren helburua arte garaikidea Nafarroatik sustatzea eta zabaltzea da, ohiko lekuetatik ateratzea. Hortaz, Agoitzen egon ondoren, Altsasun erakusketa mustu zuten eta, ondoren, Elizondon, Tafallan eta Tuteran egonen da.

"Ez da bakarrik erakusketa bat. Artearen eta artistaren planteamenduak herrietara eramatean datza ere". Artearen planteamenduak jendarteratzea. Uholdeak. Claustrofilia erakusketa urtarrilaren 17ra arte egonen da ikusgai, Iortia kultur gunearen erakusketa gelan. Bost artisten lanak biltzen ditu, eta Txuspo Poyoren obra bat oinarri hartu dute.

Anne eta Marc Kanpoko bulegoa kolektiboaren kideak dira. Duela lau edo bost urte sortu zuten. Artistak Luzaideko baserri batean bizi dira, eta egin dituzten proiektu guztietan arte garaikidea oinarri dute, baina herri eta nekazal inguruan oinarritzen dira. "Bidegurutze" horretan daude. "Proiektu guztiak hausnartzeko gonbidapenak dira". Gaur egungo prozesu sozialak, ekonomikoak eta nekazal ingurua uztartzen dituzte, oro har

"Klaustrofiliak ezkutuan gaudenean izaten dugun segurtasun eta lasaitasun sentipen atsegina adierazten du". Hortaz, klaustrofilia modu askotara eman daitekeela gaineratu dute artistek: "Borondatezko edozein konfinamendu motarekin lotuta dago". Konfinamendu hori "hauskorra" da, eta orduan "gure senaren" ukazioa sortzen da. Egoera hori gizarte honek lurrarekiko duen urruntasunarekin islatzen dela azaldu dute Kanpoko bulegoko kideek. "Herrietan ere oso jende gutxi aritzen da basolanetan, nekazaritzan edo abeltzaintzan".

Etxola
Txuspo Poyoren Zuhaitzeko etxolak oso ongi azaltzen du Kanpoko bulego kolektiboak planteatzen duena. Alde batetik, "etxola bat nahiko klaustrofilikoa delako" eta, bestetik, Poyoren lanak ongi adierazten duelako arte garaikidea: "Hasieran leku batean egon behar zuen, gero beste batera eraman zuten… Horren atzean dagoena interesatzen zaigu". Erakusketan lanaren maketa bat dago ikusgai, baina urtarrilaren hasieran Altsasuko artistekin solasaldia eginen dute eta Zuhaitzeko etxolatik abiatuta arte garaikidearen inguruan eztabaidatuko dute: "Zer gertatzen da espazio publikoan dagoen artearekin? Zer gertatzen da artea espero ez den leku batean dagoenean?".

Uholdeak programaren bigarren edizioan parte hartzen duten artistek, beraz, klaustrofiliaren ideia izan dute oinarri haien lanak sortzeko. Lehenengo edizioarekin alderatuta, kasu honetan artistek programarekiko bereziki sortutako lanak aurkeztu dituzte. "Guri prozesuak interesatzen zaizkigu, orduan, gu nahi genuen hori sustatu ere. Gero materializatu eta aretoan erakutsi behar zuten, baina guretako garrantzitsuena prozesua zen". Irantzu Antona, Ines Aubert, Mirari Echavarri, Victor Masferrer eta Iosu Zapata dira parte hartzen duten artistak, eta landa eremuan garatu dituzte haien lanak.

Erakusketa ez ezik, programaren barruan ekimenak antolatzen dituzte ere. Agoitzen Itoitz urtegia egin ondoren gertatutakoaren inguruan hausnartu izan zuten artistek, eta horretarako egoera egokitutako topaketak egin zituzten. Altsasun erakusketaren azken egunean herriko artisten solasaldia eginen dute. "Guri lekuan lan egitea gustatzen zaigu, lekua ezagutu behar dugu. Oso arraroa egiten zitzaigun Altsasura etortzea eta hemen zerbait egin behar izatea". Horregatik, artisten iritziak jaso nahi izan dituzte.

Erlazionatuak

Klaustrofilia prozesuak

Guaixe 2020 abe 23 Altsasu