Mikel Regil

"Espainiako Txapelketan aurrean egotea ez nuen espero"

Maider Betelu Ganboa 2021ko urt. 20a, 13:00

Kadeteen mailako Espainiako Ziklo-kros Txapelketan bigarren sailkatu zen Mikel Regil altsasuarra eta zilarrezko domina lortu zuen 

Nafarroako selekzioarekin parte hartu zuen Mikel Regilek Kadeteen mailako Espainiako Ziklo-kros Txapelketan, Torrelavegan. Bikain aritu zen Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko txirrindularia eta bera izan zen podiumera igo zen sakandar bakarra, bigarren sailkatu eta gero. 

Kataluniako Carlos Gomezekin borroka polita izan zenuen eta, azkenean, bigarren sartu zinen, 18 segundora. Espainiako Txapelketan horren aurrean sailkatzea espero zenuen?
Egia esan, ez nuen espero, baina irteera ona egin nuen, gutxika postuetan gora egiten joan nintzen aurrera iritsi arte. Azkenean erori egin nintzen eta ez nuen Carlos Gomez txapelduna harrapatu, eta bigarren sailkatu nintzen. Ongi, egindakoarekin pozik nago. 

Nola zegoen ibilbidea? Lohi asko egongo zela pentsatzekoa da.
Ibilbidea lokaztuta zegoen, baina lohian gustura ibiltzen gara. Eguraldia ona zen, ez zuen aparteko hotzik egiten. Ongi. 

Kadeteen mailako onenak lehiatu zineten. Maila handiko txirrindulariak izango zenituen arerio, ezta?
Bai, maila handikoak ziren. Aurten Espainiar Estatutik barna ibili gara lasterketetan, eta maila handia zen. Batetik lasai nengoen, baina aldi berean urduri. Tarteka ez nekien non nenbilen ere, baina ni nirera aritu nintzen, lasterketa ongi atera zen, eta pozik nago. 

"Podiumak ilusioa egiten du, baina beste lasterketa bat da, besterik gabe"

Espainiako Ziklo-kros txapelketan beste hainbat sakandar ere aritu ziren. Aimar Tadeo jubeniletan 15. sailkatu zen, Mikel Unzilla 55. eta Igor Arrieta, afizionatuetan, bosgarren. Orokorrean nola ikusi zenituen sakandarrak?
Ongi, nahiko ongi ibili ziren. 

Hala ere, zu izan zinen podiumera igo zen bakarra.
Bai, baina horrek ez du horrenbeste axola. Podiumera igotzeak ilusioa ematen du, baina beste lasterketa bat da, besterik gabe. Egunerokoan lasterketetan parte hartzea, gustura aritzea, gozatzea... hori da gustuko dudana. 

Kadeteen zilarrezko domina jaso zenuen. Aurretik beste dominaren bat al zenuen?
Bai, eta domina oso polita da. Horietakoak bi ditut. Beste behin, errepidean, haurren mailan  txapeldunordea izan nintzen ginkanan. 

Ziklo-krosean aurretik beste podiumik lortu al duzu?
Aurten bi aldiz igo naiz podiumera. Madrilgo Kopan parte hartu nuen. Hiru proba ziren; lehenengoan hirugarren sailkatu nintzen, bigarrenean bederatzigarren eta azkenekoan irabazi egin nuen. Emaitza guztiak kontuan hartuz Madrilgo Kopan bigarren izan nintzen. Beraz, podiumera igo nintzen. Aurtengo ziklo-kros denboraldiko balorazioa oso positiboa da. Torrelavegakoa ez da izan Nafarroako selekzioarekin aritu nintzen lehendabiziko aldia. Hirutan deitu naute, ziklo-krosean bitan, 2021eko Espainiako Txapelketarako eta 2020ko Espainiako Txapelketarako, eta errepiderako beste behin. 

Pandemiagatik aurten proba gutxiago jokatu dira?
Bai, askoz ere gutxiago. Hemen, Euskal Herrian, hamabosten bat ziren jokatzekoak, baina ez da bat bera ere jokatu. Kanpoan ibili gara. Asteburu honetan Iruñean proba bat zen jokatzekoa, baina uste dut bertan behera geratu dela. Hau litzateke aurtengo ziklo-kros denboraldiko azken lasterketa, baina uste dut ez dela egingo. 

Zer duzu gustukoagoa, errepidea edo ziklo-krosa?
Oraintxe bertan agian ziklo-krosa dut gustukoago. 

Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko kadeteen mailako txirrindularia zara. Berehala hasiko da errepideko denboraldia. Dagoeneko entrenatzen ariko zarete, ezta? 
Taldeko entrenamenduak hasi dira, baina ni orain arte ziklo-krosarekin buru belarri ibili naizenez nire kabuz aritu naiz lohian entrenatzen. Aurki hasiko naiz Burundako taldekideekin entrenatzen. Aurten 7-8 txirrindulari inguru ibiliko gara kadete mailan. 

Hastear dagoen denboraldiaren inguruan zer entzuten da? Ohiko lasterketen egutegia mantenduko al da?
Esan digutena da denboraldia hasiko dela. Jubenilak datorren hilabetean hasiko dira, eta gu beranduago. Oraindik ez digute datarik ziurtatu, baina nik uste dut lasterketak egingo direla. 

"Aurtengo errepide denboraldian Sakanako taldeak goian egongo direla uste dut"

Gogotsu zaude errepideko denboraldia hasteko?
Bai. Bizikleta gustuko dut, izugarri, eta gogotsu nago. Kuadrillan beste bi lagun ditut txirrindulari. Iker Agudelorekin entrenatzetik nator, eta Joseba Ortigosa ere txirrindularia da. Gustura ibiltzen gara. 

Azken urte hauetan bi txirrindularitza talde sakandarretako –Burundako Quesos Albeniz eta Sakana Group-Aralar– txirrindulariak gailendu dira Nafarroako eta gertuko lasterketetan, eta Nafarroako txirrindularitza selekzioa sakandarrez josia egon da. Aurten Igor Arrieta, Iker Mintegi, Joseba Alberdi... eta dira talde sakandarretan ariko, mailaz igo direlako.  Sakanako bi taldeak goian egongo dira hastear dagoen denboraldian?
Bai, gure taldeek maila ona izaten jarraituko dute. Mikel Unzilla oso ongi dabil, Aimar Tadeo ere…

Zu ere bai.
Beno... (kar, kar). 

Zorionak eta zorte ona izan dezazula hastear dagoen errepide denboraldian.
Eskerrik asko!