Atletismoa

Dantzalekuk Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa hartuko du otsailaren 14an

Guaixe 2021ko urt. 20a, 12:00

Bi lasterketa egongo dira, federatuen mailakoa, Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izanen dena, eta Open mailako lasterketa korrikalari herrikoiendako. Aurki zabalduko dira izena emateak Dantzaleku Sakanan eta Nafarroako Atletismo Federazioan

Korrikalariek eta atletek gogor entrenatzen hasteko aitzakia bikaina dute. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak azaldu duenez, otsailaren 14an XXXIV. Altsasuko Krosa jokatuko da Dantzalekun, Dantzaleku klubak berak antolatuko duena eta Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izango dena. Pandemian gauden honetan, eta azken orduko aldaketarik ezean, Altsa- sukoa aurten jokatuko den lehendabiziko proben artean egongo da. 

Bi lasterketa: federatuak eta herrikoiak
Bi lasterketa jokatuko dira. Batetik korrikalari federatuen lasterketa izanen da, hain zuzen ere Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izanen dena, eta, bestetik, korrikalari herrikoiendako kros irekia edo opena.

Horretaz gain, Nafar Kirol Jolasen mailako kros jardunaldia ere antolatuko dute, kategoria txikikoek eta atletismo eskolako gazteek ere parte hartzeko aukera izan dezaten. 

Jakina, proba guztietan eskatutako osasun neurriak bete eta bermatuko dira. Dantzaleku Sakanak Dantzalekuko paraje ederretan barna korrika egitera animatu ditu korrikalariak. Aurki zabalduko da izena ematea, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubean (www.dantzalekusakana.com) edo Nafarroako Atletismo Federazioan (www.fnaf.es).