2021eko urtarrilaren 1ean bando bat eskegi zen herriko kaleetan. Altsasuko alkatearen agurra zen 2021rako "bihotzez osasuna" opatuz herrikide guztiei. Ilusioa eta animoa piztu nahia eskertzekoa da.
Baina ñabardura bat egin nahi diot. Santa Ageda eta inauteriak eta bestelako jaiak gogoan hartuz, esaten digu: "...ezin genuen imajinatu Txinako eskualde bati eragiten zion "Koronabirus" hark bete betean gure artean joko zuenik. Kolpe bat gure eredu sozial eta ekonomikoari". Ez al da agian alderantziz? Ez al da gure eredu sozial eta ekonomikoa "koronabirusa" ekarri diguna? Gure eredu sozial eta ekonomikoak ekartzen ditu murrizketak, baita osasun arloan ere; ekartzen digu aldaketa klimatiko ikaragarria; ekartzen digu deforestazioa eta ekosistemen suntsipena; ekartzen dizkigu desberdintasun sozial obszenoak... Gure eredu sozial eta ekonomikoa da COVID19aren pandemia ekarri diguna.
Jarraitzen du: "kostatu egingo zaigu indarberritzea, baina ahalegin kolektiboarekin eta, zientziaren bidez lortuko dugu". Ados nago honekin, baina garbi esan beharra dago: zer indarberritu behar da? "gure orain arteko eredu sozial eta ekonomikoa?” Zeren eredu sozial eta ekonomiko hau berriro indartzen bada, berriro etorriko dira eta larriagoak izango dira pandemia berriak, suntsipen berriak, aldaketa klimatiko katastrofikoagoak, miseria eta pobrezia handiagoak, indarkeria matxista areagotua.... AEBko Kapitolioan ikusi duguna larria da, baina hori ere eredu ekonomiko sozial barbaro baten ondorioa da, eta oraingo honetan basakeria hori kolpatu du demokraziaren bihotza omen den AEBko Kapitolioan. Barbaroak etxean daude.