Zelai kaleko ur hornidura sarearen zati bat berrituko da

Guaixe 2021ko urt. 19a, 12:00
Altsasuarrak lanak egin behar diren kalean gora egiten.

106 eta 146 zenbakien arteko hornidura hodia berritzeko lanak astelehenean hasiko dira, baita Solana auzoko plazatxo bateko zorua berritzeko lanak ere.

Zelai eta Erburua kaleen bidegurutzetik iparraldera dagoen errotonda pareraino, 165 metro horietan, ur hornidura sareko hoditeria ordezkatuko du Altsasuko Udalak. Gaur egungo fibrozementuzko hodiak burdinurtuzkoekin ordezkatuko dituzte. Aldaketa horrekin, ur hornidura sarearen tarte horretan izaten diren hodi hausturak, eta ondorengo ur mozketak saihestu nahi ditu Altsasuko Udalak. Mozketak izaten direnean Zelai kaleko tarte horretako 33 familiari eta Erburua kaleko bizilagunei eragiten die. 

Zelai kalean sareak, zoladura eta zerbitzuak kanalizatzeko lan handiak egin ziren 2005. eta 2006. urteetan, baina aipatutako zatia lanetatik kanpo gelditu zen. Atzo hasi ziren lanak Construcciones Valeriano Santesteban, S.L. enpresak eginen ditu eta haiengatik 32.906 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. 

Enpresa berak Egutera auzoko 11, 13, 15, 18 eta 46. eraikinen ondoan dagoen plaza txikiko zorua berrituko du. Izan ere, elurra azkarrago urtzeko botatako gatzak lur gaineko geruza eskarifikatu da, eta horrek zoladura zimurtsuegia eta arriskutsuegia eragiten du nahi gabe eroriz gero. Lanek  19.273,67 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute.