Lan-arriskuen prebentzioa institututik lantzen

Guaixe 2021ko urt. 20a, 12:30
Lanbide Heziketa institutua.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera 18 eta 24 urte bitarteko langileek dute lan-istripu tasa altuenetako bat.

Arlo profesionalean segurtasun eta osasun baldintzetan aritzeko, prebentzio kultura sustatzen du Sakana Lanbide Heziketa institutuak. Altsasun dagoen ikastetxea, eta Nafarroako beste zenbait, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (ISPLN) ordezkariekin batera, estatuko jardunaldi birtual batean parte hartu zuten abendu akaberan. Lanbide Heziketa: Zuzendu Prebentzioa jardunaldi teknikoa ikasleak lan-arriskuen prebentzioaren inguruan sentsibilizatzeko saioa izan zen.

ISPLNren aldetik, Javier Cañadak, erakunde horretako Prestakuntza, Informazio eta Ikerketa Unitateko arduradunak, lan-arriskuen prebentzioa Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumean sartzea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen bere hitzaldian. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, Osasun eta Hezkuntza Departamentuen bidez, arreta berezia eskaini zion horri, hezkuntza-metodologia berritzaileak aplikatuz.

Gazteak dira, ISPLNren ordezkariak adierazi zuenez, lan-istripuren bat izateko joera handiena dutenetako bat. Egoera jakin batzuei aurre egiteko prestakuntzarik eta konfiantzarik ez dagoenez,  enpresaburuek kolektibo horren beharrizan espezifikoei buruz ez dakitenez eta beste faktore batzuekin batera, hala nola behin-behinekotasun handiarekin eta lan-prekarietatearekin, arriskua handitu egiten da. Hori dela eta, "funtsezkoa da, prestakuntza etapatik, istripu-tasa murrizten lagunduko duen aurretiazko kontzientziazioan eragitea", azpimarratu du.

Lanbide Heziketaren Europako Astearen baitako topaketa birtualean, gainera, izen bereko deialdira aurkeztu diren laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako ikus-entzunezko 90 lanen lagin bat ikusi zen. Nafarroatik dozena bat bideo aurkeztu ziren, tartean Sakana Lanbide Heziketa ikastetxeko ikasleek egindakoak. Jardunaldi teknikoa Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak antolatu zuen.