Aitor Lizarraga Vergara

"'Altsasu' nire bizitzako esperientzia izan da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urt. 20a, 13:30
Aitor Lizarraga Vergarak 'Altsasu' telesailean argiztapen taldean lan egin du. UTZITAKOA

Aitor Lizarraga Vergara altsasuarrak 'Altsasu' telesailean "elektrikarien" edo argiztapen taldean lan egin du.

Gasteizen ikusentzunezko proiektuen errealizazioko goi mailako ikasketak bukatu berri, Altsasun grabatutako telesailean parte hartzeko aukera izan zuen. Esperientzieak ateak ireki dizkiola esan du Lizarragak. 

1. Nola iritsi zinen 'Altsasu' telesailean lan egitera?
Amak esan zidan ekoiztetxe bat Otai ostatura etorri behar zela grabatzera, eta nik irudi eta soinu ikasketen praktikak egin berriak nituen Gasteizen. Esan nion ea lor zezakeen produktoraren izena eta kontaktuen bidez lortu zuen. Mezu bat bidali nien esanez Altsasuko mutil bat nintzela, ikasketak bukatu nituela eta telesailean lan egitea gustatuko litzaidakeela. Bazkari batean nengoen eta telefono ezezagun batek deitu zidan; produkzio zuzendaria zen eta ea sartzea interesatzen zitzaidan esan zidan. Baietz esan nion. Ikasketengatik galdetu zidan eta esan nion denetarik ikasi dugula, baina ez dudala inoiz lan egin. Elektrikarien talde horretan sartu ninduen, eta, egia esan, oso pozik. Bukatu eta berehala benetan ikasten den tokian hasi nintzen. Klasean ez genituen horrelako gauzak egiten. Gauza txikiak egin genituen, film labur bat, esaterako, baina bat-batean jende pila batekin, gauza pila batekin… telebistan ikusten dena alde oso txiki bat da; atzean langile asko daude. Bitxia izan da.

2. Zein zen zehazki zure lana?
Elektriko taldea deitzen diote, eta jendeak pentsatzen du elektrizistaren antzekoa dela, baina ez. Argiztapen gauzak egiten ditugu. Grabatzen dugunean fokuak eta horrelako gauzak kontrolatzen ditugu. Bonbilak ere aldatu behar izan ditugu, baina gehienbat kamerak behar duena argitzean datza. Argiztapenarekin saiatzen gara eszena normal bateko argia lortzen. Fokuekin, itzalekin, eguzkiaren argia kenduz… Eszena argitzea da, azken finean.

3. Zure lehenengo lana izan zen, zer sentitu zenuen?
Halako gogoa nuen esan niela edozertaz lan egingo nuela. Baina hasi nintzenean beldurra baino errespetua nuen; ez nekien laguntzen ari nintzen edo oztopatzen ari nintzen. Badaude tresna eta objektu pila bat, bakoitzak izen bat dauka eta langile bakoitzak ere modu batera izendatzen ditu… niretako dena berria zen. Baina talde oso jatorra zen, bazekiten berria nintzela eta beti laguntzeko prest zeuden. Lehenengo astea kontaktuan sartzeko izan zen eta gero erritmoa hartzen joan nintzen. Oso gustura aritu nintzen. Bitxia izan zen figurante lana ere egin nuelako. Aldi pare bat tokatu zitzaidan. Lehenengoan Altsasun kalean grabatu genuen eta kameratik pasatzen naiz, itzala ikusten da. Beste behin Oiartzunen grabatzen ari ginen, Ertzaintzaren komisaldegian atxiloketetako kalabozoak zirenak, eta polizia sekretu baten figurantea behar zuten. Galdetu zidaten eta baietz esan nien. Tokatzen zena.

4. Zer moduzko esperientzia izan da?
Niretako izugarria izan da. Gainera, etxean nengoen, egunero etxean lo egiten nuen. Jende asko ezagutu dut eta horri esker gauzak ateratzen zaizkit. Nire bizitzako esperientzia izan da.

5. Altsasuarra izateagatik auziari buruzko kontuak galdetu dizkizute?
Erabakiak hartzen zituztenek oso argi zuten zer nahi zuten kontatu. Grabaketarekin hasi aurretiko lana da, eta oso argi zuten dena. Inguruko langileak jakin mina adierazi zuten. Ikusi zutenagatik ezagutzen zuten kasua, muntaia ezagutzen zuten, baina nahi zuten jakin nola bizi izan genuen hemen, nola zihoazen gauzak… gertuko jendea zen.

6. Ikasten ari zinela, horrelako proiektu batean parte hartzea pentsatzen zenuen?
Egia esan, ez. COVID-19aren ondorioz praktikak hilabete batez egin behar izan nituen bakarrik, eta ez zigun denbora asko eman dena ikusteko. Gasteizko produktora txiki batean egon nintzen, eta bideoen edizioa egiten nuen, hitzaldiren eta sari banaketaren bat grabatu genituen eta abar. Bukatu nuenean pentsatzen nuen: “Eta orain nora noa”. Kasualitatez amak hori esan zidan eta zergatik ez ausartu? Mundu honetan mugitu behar zara. Ez nuen inoiz pentsatuko zinemaren munduan sartzea. Ez nuen ikusten, nahiko itxia delako, eta ez nekien nola sartu. Ez da edozein lantoki bezala kurrikuluma bidaltzen duzula eta listo. Azkenean, Altsasun izan zelako esan nien; bestela, ezer ez. Alde berean, Urbasan beste zerbait grabatzen ari ziren eta egun pare bat igo nintzen. Baina ez nintzen ausartzen ezer esatera. Ez nintzen asko saiatu.

7. Nolakoa izan da grabazioaren prozesua?
Departamentu bakoitzak buru bat du: kamera burua, argiztapen burua, arte arloko burua, ekoizpen burua eta abar. Aurretik biltzen dira eta lokalizazioak begiratzen dituzte. Aurretik egiten den lan hori garrantzitsuena da. Grabazioaren aurretik, lehenengo astean, argazkilaritza zuzendaria eta argiztapen burua lokalizaziora joaten dira eta beharren zerrenda bat osatzen dute: fokuak, eguzkia nahi duten, ilargia nahi duten… Materialen zerrenda egiten da. Noski, azken orduko aldaketak ere aurreikusi behar dira. Grabazioaren egunean argazkilaritza zuzendariak kamera hartzen du eta bertan ikusten duenaren arabera esaten digu zenbat argi nahi duen. Lana taldetan oso ongi banatuta dago. Bakoitzak bere lana egin behar du, eta beste batena ukitu behar baduzu, adibidez, nik aulki bat mugitu behar badut foku bat jartzeko, hobe arte taldekoei esan nik egitea baino.

8. Gehien aipatu den elementuetako bat argiztapena izan da. Oso iluna dela esaten dute. Argi teknikari bezala, zer diozu?
Galdera hau espero nuen. Lagunen artean ere bromak izan ditut; argiekin nengoen bitartean ea oporretara joan naizen eta holakoak. Eskatzen digutena egiten dugu. Argazkilaritza zuzendariak esaten du nola nahi duen. Orduan, berak argi horrekin tristezia adierazi nahi zuen, herriarendako istorio oso gogorra da, eta iluntasun horrekin transmititu nahi zuen. Emititu aurretik ekipoarendako aurre ikustaldia izan genuen zinema batean eta iluna zen, baina telebistan baino hobeki ikusten zela iruditzen zait. Baina, bai, iluna da istorioari tristezia hori emateko; errealismoa emateko. Justifikatuta dago.

9. Orokorrean, kritika onak izan ditu. Aurreikusten zenituzten?
Sentimendu kontrajarriak nituen. Mundu honetan egiten nuen nire lehengo lana zen, eta esperientzia bakarra izan da. Baina beste alde batetik beldurra nuen ez nekielako herriak nola jasoko zuen. Pentsatu dezakete ni altsasuarra izanda eta bertan lan egiten nola ez diedan horrela ez dela izan aipatu. Baina nik ez neukan ez bozik ez hitzik. Baina uste dut nahiko inpartziala izan dela. Fikzioa da. Saiatu dira errealismo ukituak ematen, baina grabatzen ari ginenean eta zeuden gauza asko esaten nuela: “Baina nondik atera dituzte gauza hauek!”. Azkenean, istorioa betetzeko gauzak dira. Audientziarekin gustura gelditu dira eta herrian ere nahiko harrera ona izan badu… beti daude hobetzeko gauzak.

10. Zer ikasi duzu esperientzia honetan?
Bost asteko grabaketa batean bi urtetan ikusi dudana baino gehiago ikasi dut. Alderdi teorikoa garrantzitsua da, eta ikasi eta jakin behar duzu, baina gero grabaketara iristen zarenean ikusten duzu kamera bat nola jartzen duten, zer behar dauden, nola egiten diren gauzak, zergatik, zer bilatzen dute argiarekin, kamera mugimenduarekin, zer nolako planoak erabiltzen dituzten sekuentziaren arabera… gauza horiek bertan egonda ikasten dira. Hori da ikasi dudana.

11. Ateak ireki dizkizu?
Bukatu behar zenean beldur pixka bat nuen. Honen ondoren ez nekien zer egin ahal izango nuen; agian urte batez geldirik egon nintekeen. Eider Gabilondo ekoizpen zuzendariak esan zidan oso ongi lan egin nuela eta gogo handia jarri nuela, eta lasai egoteko lana egingo nuelako. Nik pentsatu zuen esateagatik esaten zidala. Baina egia da Altsasuk pila bat lagundu didala. Esperientzia izugarria izan da eta jende asko ezagutu dut. Mundu hau asko gustatu zait. Iruñea Nafarroako Zinema Produkzio aretoa ireki dute eta telesailaren grabaketa bukatu zenean joan nintzen eta esan nien ikasketak bukatu nituela eta sartzea gustatuko litzaidakeela, eta hurrengo astean Imanol Uriberen film baten grabaketan aritu nintzen, Iruñean, hiru astez. Ondoren, Kolonbiara joan ziren grabatzera. Kasualitatez, telebistako argiztapena eta abar egiten duen Donostiako enpresa batekin kontaktatu nuen eta film labur bat egin dut haiekin. Bertako kide batek esan zidan agian Netflixeko telesail baterako lan egingo dudala. Azkenean, mugitzean datza, ea zer ateratzen den. Momentuz hemen nabil, gertu, baina gustatuko litzaidake hedatzea eta, esaterako, Madrilera joatea. Ez zait hemendik mugitzea inporta, hau da, nahiko nuke. Grabazioak ere gustatzen zaizkit horregatik, leku askotan grabatzen direlako. Momentuz hemendik ongi nabil, esperientzia hartzeko, baina aurrera begira kanpora joatea gustatuko litzaidake.

11+1. Zergatik ikasi zenuen soinua eta irudia?
Bitxia da. Hasiera mekanika ikasi nuen, ez duena zerikusirik. Ondoren, beste ikasketak batzuk begiratzen egon nintzen, ez nekielako zer ikasi. DJ nintzen eta pentsatu nuen gustatzen zitzaidana ikasiko nuela. Beldurra ematen zidan gradu hori ikastea lan irteerengatik, baina bi urtez gustatzen zitzaidana egiten arituko nintzela pentsatu nuen. Egia esan, soinuagatik sartu nintzen, irudia ez nuelako kontrolatzen. Aurretik ez nuen ez argazkilaritza ez bideogintza egin. Baina ikasten aritu nintzenean kameren kontuak ikusten hasi nintzen, telebista eta abar, eta pixkanaka gustatzen hasi zitzaidan. Azkenean, irudiagatik engantxatu nintzen, soinuagatik baino. Soinuaren aldetik ez nuen askoz gehiago ikasi, aurretik nekienaren antzekoarekin atera nintzen. Irudia ikasten joan nintzen, eta gustatu zitzaidan. Eta begira orain.