Saskibaloia

Naiara Diezen Gernika Lointekek Emakumeen Eurocup Txapelketari ekingo dio gaur

Guaixe 2021ko urt. 19a, 11:30

Gaurtik ostiralera bitartean Eurocupeko hiru partida jokatu beharko ditu Naiara Diez kapitain duen Gernika Lointekek. Gaur La Roche Vendee izango dute aurkari, ostegunean Carolo Basket eta ostiralean Ciudad de La Laguna Tenerife

Egun gogorrak datozkio Naiara Diez altsasuarraren Gernika Lointek Emakumezkoen Saskibaloi Taldeari. Kapitain altsasuarraren taldea Emakumeen Eurocup Txapelketan ariko da datozen egunotan buru-belarri. Pandemia dela eta, itzuli bikoitzeko ligaxka beharrean lau egunetan hiru partida jokatu beharko ditu talde gernikarrak. F multzoan dago Gernika Lointek, estatu frantseseko La Roche Vendee eta Carolo Basket taldeekin batera eta Tenerife. Hurrengo fasera aurreneko bi talde sailkatuak pasako dira. Valentzian jokatuko dira partida guztiak. 

Jokalari guztiak jokatzeko moduan ez direla egongo azaldu du Mario Lopez entrenatzaileak, baina “hori ez dela aitzakia” izango. Gaur, asteazkenean, 15:00etan La Roche Vendee izango dute aurkari,  ostegunean Carolo Basket eta ostiralean Ciudad de La Laguna Tenerife. Lehen bi talde onenak sailkatuko dira Eurocup Txapelketako hurrengo faserako. Eta fase horretan egoteko, bere itxurarik sendoena eta onena eman beharko du taldeak. Naiara Diez kapitainak “gogotsu” daudela azaldu du, nahiz eta egun gogorrak izango direla aitortu.