Saskibaloia

Lointek Gernikak garaipenarekin ekin dio Eurokopari

Guaixe 2021ko urt. 20a, 10:30

Taldekako faseko lehen partidan Naiara Diez altsasuarraren taldeak 82 eta 67 irabazi zion La Roche talde frantziarrari. Gaur atseden hartu eta bihar Carolo Basket talde frantziarra izango du arerio

Eurocup Txapelketa modu ezin hobean hasi dute Lointek Gernika talde bizkaitarreko neskek. Atzo Eurokopako taldekako faseko lehen partida jokatu zuten La Roche talde frantziarraren aurka, Valentzian. Mario Lopez entrenatzailearen neskak oso ondo aritu ziren eta garaipen sendoa lortu zuten, 82 eta 67. Lointek Gernikako Naiara Diez kapitain altsasuarra “oso pozik” dago garaipenarekin. 

Lointek Gernikak nahi zuen jokoa egin zuen, eta jaurtiketetan asko asmatu zuten. Lehen laurdenean Naiara Diezek egindako lana azpimarratzeko modukoa da, bi hiruko sartu baitzituen elkarren segidan. Hasieratik hartu zuen aurrea talde bizkaitarrak, eta bide horretatik jarraitu zuen partidak. Hirugarren laurdenaren bukaeran, 18 tanto zituzten alde bizkaitarrak (70 eta 52), eta azkenengo laurdenean, nahiz eta La Rochek bere jokoa egin, ez zuen partida iraultzea lortu eta 82 eta 67 gailendu zen Naiara Diez altsasuarraren taldea. “Errebotea zaintzea kosta egin zaigu, baina, bestela, bikain aritu gara” azaldu zuen Mario Lopezek. 

F multzoan dago Lointek Gernika, La Roche Vendee, Carolo Basket eta La Laguna Tenerife taldeekin batera. Atzo jokatutako beste partidan Carolok 59 eta 77 irabazi zion Teneriferi. Ostegunean Carolo talde frantziarra izango du aurkari Lointek Gernikak eta ostiralean Tenerife. Eurocupeko hurrengo fasera fase honetako bi talde onenak sailkatuko dira. Beraz, ongi ekin dio Lointek Gernikak Eurokopari. Eta datozen jardunaldietan igualtxo aritzen diren.