Biak Bat elkartea Forbes zerrendan

Guaixe 2021ko urt. 27a, 10:05
Biak Bat elkarteko kideak.

Zerrenda horretan ez daude metatzen duten aberastasunaren arabera nabarmentzen direnak, besteei ematen dietenaren arabera baizik.

Animaliek lagundutako esku-hartzeak erdigune izanda, behar psikosozialak asetzeko proiektu sozial berritzailea da Biak Bat elkartea. Josune Azpiroz psikologoak eta Josu Mendez txakur hezitzaileak martxan jarritako elkarteak aurten hamar urte betetzen ditu. Ibilbide horretan animaliek lagundutako terapia programak egin dituzte, banakakoak edo taldekakoak, makina bat jenderen ongi izatea hobetzeko. Biak Bat elkartearen ekimenez, Nafarroako Laguntza Txakurren Legea (3/2015 Foru Legea) indarrean da. Gainera, estatuko Laguntza Txakurren lehen gida idatzi dute, kanpainak sustatzen dituzte mundu guztia terapia horien onuradun izan dadin, eta ikerketa zientifikoetan laguntzen dute unibertsitateekin lankidetzan.

Bada, Forbesek estreinakoz Espainiako Beste 100 Aberastasun Nagusien zerrenda egin du. Zerrenda horretan ez dira nabarmentzen dirutza pilatzen dutenak, baizik eta besteei ematen dietenagatik.  “Egun batean beste pertsona batzuen bizitza hobetzea pentsatu eta jardutea erabaki zuten pertsonak, mota guztietako ekimenekin, eta jende asko zorioneko sentitzea eragin dutenak”. Aitortza jaso dutenen artean Biak Bat elkarte altsasuarra dago. Aukeratutako guztiak Yoigoren "pensar, luego Actúo" plataforma sozialaren parte dira.