Iker Mintegi

“Afizionatuena pausu handia da: jolasa zenak seriotasuna hartzen du”

Maider Betelu Ganboa 2021ko urt. 27a, 14:00

Burunda klubean trebatu eta ibilbide ederra egin eta gero aurten afizionatuen mailan debutatuko du Iker Mintegi Claver altsasuarrak, Laboral Kutxa taldean

Afizionatuetara egin duzu salto. Atzera begira zure taldeari, Burundari, maitasun berezia izango diozu, ez? Oroitzapen asko izango dira.
Bai, finean urte asko dira. Balorazioa ona da, gustura ibili naiz. Hasieran txirrindularitza jolasa zen, baina denborarekin serioago hartu eta mimo gehiagorekin prestatzen dituzu lasterketak. 

Badakizu behe mailako kategorietan zenbat garaipen dituzun?
Ez diot aparteko garrantzirik ematen, baina zenbat diren badakit, gutxi izan zirelako. Haurren mailan bi garaipen lortu nituen urte bakoitzean, kadeteetan bi ere urte bakoitzean eta jubeniletan ez nuen bakarka lasterketarik irabazi. Taldekako erlojupekoan bai, baina bakarka ez.

Orain arte beti egon izan zara aurrean. Nafarroako selekzioan ez duzu hutsik egin, eta Espainiako Txapelketetan aritu izan zara. Horrek esan nahi du ibilbide bat egin eta maila bati eutsi diozula, erregularra izan zarela. 
Garaipena lortzea zaila da; soilik batek lortzen du. Gakoa hor egotea da. Askotan hobeto baloratzen da, esaterako, ihesaldietan egotea edo lasterketa ona egitea irabaztea baino. Garaipena beste gauza bat da. Sarritan errendimendua eta emaitza ez dira berdina.

Nola definituko zenuke zure burua txirrindulari gisa? 
Oraingoz nahiko ondo murgiltzen naiz alor guztietan, baina bereziki, ausarta naizela esango nuke: ez zait tropelean joatea gustatzen, nahiago dut ihes eginda aurretik joatea. Ihesaldi luzeak, helmugara iristen diren horiek, ongi daramatzat. Nire garaipen gehienak horrela etorri dira. Bestalde, daukadan gorpuzkeragatik, ariña bainaiz, goraka ere ondo noa eta erlojupekoak ere ongi egin izan ditut. Nire gorpuzkera, beste batzuekin alderatuta agian akatsa izango zena, orain arte hala denik ez dut nabaritu. Hau oraindik ikusteko dago, orain hasten baita serioa, benetakoa.

Jubenilen 2. eta azken urtea iaz egin zenuen. 2020 oso urte zaila izan zen, lasterketa gutxi izan zenituzten. Zer balorazio egiten duzu? 
Urte oso arraroa izan zen. Inoiz ez genuen arrabolean horrenbeste entrenatu, errepidera atera gabe. Mundu guztiari bezala, egoerara moldatzea egokitu zitzaigun. Konfinamenduaren aurretik bi lasterketa izan genituen, eta Villatuertan, 2. sartu nintzen. Konfinamendua eta gero, eroriko nahikotxo izan nituen: lehen lasterketatik hanka gaizki nuen, eta ondoren hiru eroriko izan nituen. Martxa hartzea kosta egin zitzaidan, baina bukaeran nahiko ongi ibili nintzen: azken lau lasterketetan 4. postua izan zen egin nuen okerrena, eta errendimenduarekin eta guztiarekin pozik geratu nintzen.

Txirrindulariendako urte berezia da jubenilen 2. urtea, hor erabakitzen delako ea afizionatuetara pasatzeko aukera duzuen edo bidean geratzen zareten. Zaila da afizionatuetan taldea lortzea?
Afizionatuetarako jauzia jauzi potoloa da, hor hasten da benetako historia. Entrenamenduak, nutrizioa eta kategoriak berarekin dakarren guztia zaintzen hasten zara. Txirrindulari guztiak horretan hasten direnez, maila nabarmen igotzen da. Taldea lortzeko garaian aurrean egon izanak laguntzen zaitu. Zortea izan dut, afizionatuetara pasatzeko aukera izan dudalako; egongo da saltoa ematea ez duena hain erraz izango. Uste dut ondoan dudan jendearengatik ere errazagoa izan dudala taldea aurkitzea.

Laboral Kutxa da zure talde berria. Eurekin modu ezberdinean hasi al zara entrenatzen?
Aurreko urtean, jubenilen 2. urtean nengoela, Euskadi Fundazioko Jorge Azanza zuzendariarekin hasi nintzen prestaketa lantzen, eta horrela segitzen dut. Nutrizionistarekin aurten hasi naiz.

Afizionatuen mailakoa aldaketa horren handia al da?
Oraindik ez dugu intentsitate gehiegi sartu, orain hasi gara, baina ordu gehiago sartu ditut. Abenduan udako edozein hilabetetan egiten ditudan entrenamendu ordu berdinak egin nituen. Izan ere, afizionatuena pausu handia da; orain arte jolasa zenak beste seriotasun bat hartzen du. Orain arte neguan ziklo-krosean aritzen nintzen denboraldia prestatzeko, baina aurten ez da probarik egon. Aurten, guztia ezberdina ari da izaten.

Aldi berean ikasten zaude. Nola daramazu?
Kiroletako Goi Maila ikasten dut Iruñean. Moldatzen naiz. Egunak aurrera pasa geroz eta hobeto ibiliko naiz, argi ordu gehiago izango ditugulako. Neguan, Iruñetik bueltan kotxean bertan bazkaltzen nuen, heldu bezain pronto entrenatu ahal izateko, bestela azkar iluntzen baita.

Zenbat ordu entrenatzen dituzu egunean?
Astean egun bat atseden hartzen dut. Gainontzekoetan, egun batzuetan gimnasioa eta bizikleta lantzen ditut, eta beste batzuetan soilik bizikleta. Bizikleta gainean zenbat ordu? Ba 2 ordutatik lau ordu pasara, egunaren arabera.

Afizionatuen mailatik zerk ematen dizu errespeturik gehien? 
Dena berria izango da, kategoria bera eta lasterketan korritzeko modua ere. Talde indartsu batean nagoenez, zeregin konkretua izango dut talde barruan. Gogoratzen dut kadeteetan askotan Unai Aznar eta biok ginela Burundako bakarrak zenbait lasterketan. Orain 17 gaude. Guztia desberdina izango da, baina nik uste ongi moldatuko naizela. Esperientzia bizitzeko gogoz nago, hasteko irrikaz.

“Afizionatuena pausu handia da: jolasa zenak seriotasuna hartzen du”

Ailetz Lasa ziordiarra duzu taldekide Laboral Kutxan.
Bai, ia egunero batera entrenatzen dugu, eta zalantzak berari galdetzen dizkiot. Gustura gabiltza.

Igor Arrieta laguna duzu eta, aldi berean, arerio izan duzu beti, lehen Sakana Group Aralarren eta aurten Lizarten.
Bai. Igor Arrietaz aparte, Aitor Alberdik eta Mikel Olaetxeak Rural Kutxa-Seguros RGA taldekoko afizionatuen taldera egin dute salto eta Unai Aznar nire taldekide zena Lizarten ariko da, Igorrekin. Aurretik zeudenekin batera, Sakanako txirrindulari talde polita egongo gara aurten afizionatuetan aspaldiko partez, eta orain artekoa ikusita, maila ere altua izango dela uste dut.

Orain arte zure belaunaldiko txirrindulari sakandarrak, Burunda eta Aralar taldekoak, ikusgarri aritu izan zarete. Beheko kategorietan zuen falta sumatuko da.
Guztion artean nahiko ongi ibili izan gara, bai. Askotan esaten da bat ondo badabil, besteek parean egon nahi dutela, eta horrek ere maila igotzea ekartzen du. Amateur mailan orain nola ibiliko garen ikusteko dago, baina uste dut ongi ariko garela.

Denboraldi berria noiz eta non hasiko duzue?
Oraindik guztia airean dago. Egunotan profesional mailako lasterketa batzuk bertan behera uzten hasi dira, afizionatuen Nafarroako Itzulia bertan behera geratu da... Pandemia dela eta, guztia atzeratzen ari da.

Denboraldi duin bat egiteko aukera izango duzuela pentsatu nahiko genuke.
Ahalik eta lasterketa gehien egin ahal izatea espero dugu, baina ezin gara horrekin itsutu. 

Lasterketa gutxiago egon direnez, dauden gutxi horietan txirrindulariek gehiegi arriskatzen ote duten aipatu izan da, batez ere profesionaletara salto egin nahi dutenen kasuan. Uste duzu hala izango dela?
Iaz lasterketa oso gutxi jokatu ziren eta hori nabaritu zen. Gu aurten lehenengo urteko afizionatuak gara, baina 3. edo 4. urteko txirrindulari batek profesionaletara pasatzeko prest dagoela erakutsi beharra du, bestela afizionatuen elite mailara pasako da eta hor ez daude horrenbeste lasterketa ez aukera. Zaila izanen dela uste dut.

Txirrindulariak etengabeko tentsioan bizi zarete. 
Bai, baina egoera ahalik eta hobekien eta lasaien eramaten jakin behar da. Orain gutxika joan, kategoria berrira egokitu, entrenatzen hasi, zurea egin eta zurea erakusten joan. Hori da gure egin beharrekoa. Talde barruan eroso sentitzea, eta taldeak eskatzen didana egin ahal izatea, horiek dira beste helburuak. Gurea ez da beste kirol batean bezala, nahi duzunean izena ematen duzula eta listo. Hemen maila bat eman beharko duzu eta jarraikortasun edo konstantzia hori izan beharko duzu.