Mendia

Altsasuar bat Alex Txikonen espedizioan

Guaixe 2021eko urtarrilaren 25a

Neguan Manaslu igotzeko ahaleginean daude Alex Txikon, Simone Moro, Iñaki Alvarez eta bi sherpa. Aitor Sanz kanpaleku nagusiko kideetako bat da

Alex Txikon Himalayara itzuli da berriz. Simone Moro, Iñaki Alvarez eta bi sherpekin batera neguan Manaslu (8.163 m) igo nahi du mendizale bizkaitarrak. Urtezahar egunean abiatu zen espedizioa, eta tartean altsasuar bat zegoen, Aitor Sanz. Aitor Sanz Kanpaleku Nagusian antolaketa lanetan arituko den kideetako bat da. 

Bertatik jasotako azken berrien arabera, Alex Txikon eta bere espedizio kide guztiak Kanpaleku Nagusian daude. K2an zendu zen Sergi Mingote lagunaren heriotzaren berri izan bezain pronto 1. Kanpalekutik Kanpaleku Nagusira jaistea erabaki zuen Txikonek, lagunarenganako errespetu keinu moduan. Aipatzekoa da Manaslu igotzeko bidea 6.200 metroraino ekipatu dute, 2.000 metro soka eta eskailerekin.  Hotz handia egiten du, eta lana planifikatzen eta atseden hartzen ibili dira, eguraldiak uzten duen bezain pronto bigarren errotazioarekin hasteko asmoa baitute.