Saskibaloia

Lointek Gernikaren bigarren garaipena Eurokopan

Guaixe 2021ko urt. 22a, 08:33

Naiara Diez kapitain altsasuarraren taldeak 50 eta 57 irabazi zion atzo Flammes Carolo talde frantziarrari. Eurokopako hasierako ligaxkako fasean 2 garaipen ditu momentuz talde bizkaitarrak eta gaur Teneriferen kontra jokatuko du. Irabazten badu edo 13 tantoren aldea baino gutxiagotik galtzen badu, Eurokopan aurrera egingo du Lointek Gernikak

Atzo Emakumezkoen Saskibaloi Eurokopako taldekako faseko 2. partida jokatu zuen Lointek Gernikak. Naiara Diez kapitain altsasuarraren taldea F multzoan dago, La Roche Vendee, Carolo Basket eta La Laguna Tenerife taldeekin batera, eta egunotan, Valentzian, elkarren artean lehiatzen ari dira F multzoko taldeak. Asteartean jokatutako 1. jardunaldian Lointek Gernikak 82 eta 67 irabazi zion La Roche talde frantziarrari, eta atzo, ostegunean, Lointek Gernikak bigarren garaipena lortu zuen, 50 eta 57 hartu baitzuen mendean Flammes Carolo talde frantziarra, lehia oso estuan. 

Lehen laurdenean 15 eta 18 aurreratu ziren Lointek Gernikakoak, 3 tantoren aldearekin. Bigarren laurdenean, aldiz, frantziarrek hartu zuten aurrea, 35 eta 31. Hirugarren laurdenean egoerari buelta ematea lortu zuten gernikarrek, eta 44 eta 50 aurreratu ziren. Eta azken laurden zoroan aldea mantentzea lortu zuten Mario Lopezen neskek eta, azkenean 50 eta 57 irabazi zuten, meritu handiz. 

Gaur, 21:00etan, faseko azken partida Teneriferen kontra
Beraz, bi garaipen ditu momentuz Lointek Gernikak, eta Eurokopan aurrera egiteko aukera asko ditu. Gaur, fase honetako 3. eta azken partida jokatuko du La Laguna Tenerife taldearen kontra, 21:00etan hasiko den partidan (ETB4 edo FIBAko Youtube kanalean). Naiara Diezen taldeak irabazten badu, Eurokopan aurrera egingo du, eta 13 tantoren aldea baino gutxiagotik galtzen badu, baita ere. Bestela, beste taldeek egiten dutenaren mende geldituko dira.