Saskibaloia

CBASK-Jatormanek lider jarraitzen du, nahiz eta azken partida galdu

Guaixe 2021ko urt. 28a, 13:51

Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailako 12. jardunaldian Altsasuko saskibaloi taldeak 71 eta 78 galdu zuen San Cernin taldearen kontra. Larunbatean CB Sanignacio talde errioxarra hartuko du Zelandin, 18:00etan

Nafarroako eta Errioxako taldeak lehiatzen diren Gizonezkoen Autonomien Arteko Saskibaloiko 2. mailako 2020/2021 denboraldian asteburuan 12. jardunaldia jokatu zen. Altsasuko CBASK-Jatorman taldeak San Cernin hartu zuen larunbatean Zelandi kiroldegian. Partida lehiatua izan zen, sailkapenean gorenean dauden bi taldeen artekoa.  Azkenean, bisitariek hartu zuten aurrea eta 71 eta 78 irabazi zioten CBASK-Jatormani, 7 tantoko aldearekin.

Hala ere, CBASK-Jatormanek jarraitzen du Gizonezkoen Autonomien Arteko 2. mailako lider izaten (17 puntu). Bigarrena San Cernin da, hain zuzen ere, 16 punturekin. Altsasuk jokatu dituen 9 partidetatik 8 irabazi eta bakarra galdu du, larunbatekoa, hain zuzen ere. San Cerninek, bere aldetik, 10 partida jokatu ditu eta horietatik 6 irabazi eta 4 galdu ditu.

Asteburuan 13. jardunaldia jokatuko da eta lidergoa dago jokoan. CBASK-Jatorman taldeak sailkapenean azkena den CB Sanignacio talde errioxarra hartuko du larunbatean, 18:00etan, Zelandi kiroldegian. Eta San Cerninek sailkapenean 6. postuan dagoen Enerparking Basket Navarra izango du aurkari igandean 11:30ean. Ea altsasuarrak lehen postua eusteko gai diren.