Altsasuko Udalak nazioarteko lankidetza-programak edo garapenerako laguntzak bultzatzeko 6.000 euro eman zituen joan den urtean. Agua de Coco fundazioak 816,33 euro jaso zituen Madagaskarren elikadura eta sentsibilizazioaren bidez haurrak COVID-19 gaitzaz babesteko. Indiako Ozeanoko irlan hainbat proiektu martxan ditu fundazioak eta guztietan zeharkako proiektua izanen da Altsasuko Udalak babestu duena.
Madagaskarko Tulear probintzian Emakumezkoendako Arreta Zentro Integrala du fundazioak. Zentro horretan emakumezkoek matematiken eta kontabilitatearen oinarrizko prestakuntza jasotzen dute, lan bat egiteko gaitu egiten dituzte, familia mantendu ahal izateko. Hezkuntzak, lan trebakuntzarekin batera, osasun arloa ere lantzen dute.
Izan ere, Tulearko distritu pobreenean, Ankalikan, emakumezkoen %49 20 eta 29 urte artean dituzte eta amak dira. Emakumezko horietatik %41 familiako guraso bakarra da. Gainera, auzo horretako emakumezkoen %73k haien lanagatik ez dute soldatarik jasotzen eta %78k osasun egoera txarra dute. Agua de Coco fundazioak emakumezkoek, amek eta haurdunek eta haien familiek pairatzen duten osasun-, hezkuntza- eta lan-egoera larria hobetzeko lan egiten du Tulearko Ankalika auzoan. Urtero 50-80 emakume inguru hartzen ditu bere prestakuntza- eta osasun-jardueretan, bai eta 100-160 adingabe inguru ere, 6 hilabetetik 5 urtera bitartean.
Zentro horrek hainbat jarduera egiteko aukera ematen du, emakumeen ahalduntzea eskubideen ikuspegitik sustatzeko, eta emakumeen eta adingabeen osasun- eta nutrizio-egoera, hezkuntza-gaitasunak, enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko. Altsasuko Udalaren laguntzari esker egindako erakusketan Benito Pajares, Yeray Menendez, Lobolopezz, Jonathan Pissonero, Scar Lafiniarivo eta Rafa Cabalen argazkiak ikus daitezke. Haien irudiak bost ataletan daude banatuta: hezkuntza, nutrizioa, amatasuna, lana eta haurtzaroa. Erakusketa hemen klikatuz ikus daiteke (gaztelaniaz).
Andrazkoak oinarria
Madagaskarren gizarte-bazterketa jasateko arrisku handiena duten kolektiboak, betidanik, haurrak eta emakumeak dira. Emakumezkoa da, segur aski, Madagaskarreko ekonomia errealaren oinarririk garrantzitsuena: familian, etxe asko guraso bakarrekoak direlako eta haiek direlako finantza-euskarri bakarra, baina, era berean, Estatuak bermatzen ez dituen oinarrizko zerbitzuak ematen dituzte, eta haiek egiten dituzte ura eta egurra hornitzeko, distantzia luzeak eginez eta zama astunak kargatuz, baita elikagaiak ere, baratze txikiak landatuz eta, zalantzarik gabe, zaintza-lan handiagoak eginez. Erkidego mailan, emakumezkoek merkatuak postu txikiekin hornitzen dituzte, eta era guztietako produktuak jartzen dituzte bizilagunen eskura.
Fundazioak 2009az geroztik, nerabeendako egoitza zabalik du. Urtero 11 eta 20 urte bitarteko berrogei bat gazteri irekitzen dizkie ateak, gizartetik kanpo geratzeko eta haurdunaldi goiztiarrerako arrisku handia dutenak. Onuradunek eskola-beken laguntza dute, eta egoitzan bizi dira. Bertan, elikadura eta prestakuntza jasotzen dute, etorkizun hobea eraikitzen lagunduko dien hezkuntza bermatzeko, gizarte-bazterketa saihesteko eta nerabeak bizitzeko giro atsegina eskaintzeko. Horretaz aparte, hizkuntzetan edo enplegagarritasunean prestatzeko jarduera osagarrietan, kirol-jardueretan eta kultura-arloko artikuluetan parte hartzen dute.
Datuak
Nazio Batuen Erakundearen 2019ko giza garapen indizearen arabera, Madagaskar 189 herrialdeetatik 162. postuan dago. Nutrizio txarraren munduko zerrendan laugarren postuan dago irla. Madagaskarko biztanleriaren % 60 pobreziaren mugan bizi da eta 5 urtetik beherako umeen %42k malnutrizioa du.