Duatloia

Altsasun duatloi proba bat beharrean, bi

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 2a, 13:00

Izaskun Beunza 2018an Altsasun jokatutako Oinez Mendi Duatloian erreleboen txanda hartzen.

Sakana Triatloi Taldeak otsailaren 21ean Altsasuko I. Duatloi Krosa antolatu du Dantzalekun, Nafarroako Txapelketa izanen dena, eta martxoaren 20an Altsasuko Duatloia, Ibarrean jokatuko dena. Izena ematea zabalik dago

Joan zen urtean martxoaren 28an jokatzekoa zen X. Altsasuko Duatloia bertan behera geratu zen COVID-19 pandemiagatik. Baita Arbizuko Duatloia ere. Baina aurten, pandemiak uzten badu behintzat, bi probak antolatuko dira. Eta ez bi proba horiek bakarrik. Izan ere, aurten  duatloi lasterketa bat beharrean, bi antolatuko ditu Sakana Triatloi Taldeak Altsasun: otsailaren 21ean Dantzalekun jokatuko den Altsasuko I. Duatloi Krosa eta martxoaren 20an Ibarrean jokatuko den Altsasuko Duatloia.  

“Otsailaren 7rako Tuterako Duatloi Krosa zegoen iragarrita, Nafarroako Duatloi Txapelketa izango zena. Baina azken momentuan, pandemiagatik beldurrez, atzera bota eta ez dute antolatuko. Idoia Valencia altsasuarra Nafarroako Triatloi Federazioko kidea da, eta proba hemen antolatzea proposatzeko hots egin zigun. Berak zioen Dantzaleku toki oso polita dela Nafarroako Duatloi Kros Txapelketa bertan egiteko. Azkenean animatu gintuen eta otsailaren 21ean Dantzalekun I. Altsasuko Duatloi Krosa antolatuko dugu, Sprint distantzian, Nafarroako Duatloi Kros Txapelketa izanen dena” azaldu du Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulatek. 

Aste bat lehenago, otsailaren 14an, Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa hartuko du Dantzalekuk. “Horrek ere Altsasuko Duatloi Krosa antolatzera animatu gintuen. Izan ere, atletismo lasterketarako Dantzaleku Sakanakoekin batera prestatuko dugun zirkuitua gero Duatloi Krosean atletismo segmenturako erabiliko duguna izango baita” gaineratu du Garcia de Eulatek. 

Nafarroako lehenengo probak
“Hilabete batean hiru proba izango ditugu Altsasun: otsailaren 14ko Nafarroako Kros Luzea, otsailaren 21eko Nafarroako Duatloi Txapelketa, eta martxoaren 20ko Altsasu Duatloia. Hori, une honetan, oso garrantzitsua da. Toki askotan probak bertan behera uzten ari dira, baina Nafarroako Gobernuak kirolaren aldeko apustua egin du, eta eskatutako arauak beteaz gurean aurrera ateratzea garrantzitsua da bai kirolerako eta baita kirolariendako ere. Gurea Nafarroan 2021ean jokatuko den lehen duatloi lasterketa izango da, eta krosa urteko lehena izatea baliteke ere” nabarmendu du Sakanako Triatloi Taldeko kideak. 
COVID-19 dela eta, neurri zorrotzak bete beharko dira. Arau horiek segiz, probak herri guneetatik atera behar dira, nolabaiteko burbuila bat sortzeko. Ikusleak ezingo dira boxetara hurbildu, segurtasuna bermatzeko, eta soilik korrikako eta bizikletako tartetan egon ahalko dira, distantziak mantenduz. 

Sergio Garcia de Eulate: "Hilabete batean 3 proba izango ditugu Altsasun, gure bi duatloi probak eta Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa. Hori, momentu honetan, oso garrantzitsua da"

Altsasuko I. Duatloi Krosa
Otsailaren 21eko goizeko 9:30ean abiatuko da Altsasuko I. Duatloi Krosa, Dantzalekuko pistetatik. Boxak goiko futbol zelai zaharrean jarriko dira, itxita. Esan bezala, ibilbidea aste bat lehenago Nafarroako Kros Luzerako prestatutakoa izango da. Hasieran duatletek 4 km osatu beharko dituzte Dantzalekuko paraje zoragarrietan barna, gero bizikleta hartu eta San Pedro zelairantz joko dute, 12 km osatzeko, eta bukaeran 2 km egin beharko dituzte. Proba Nafar Kirol Jolasetarako ere baliagarria da, baina Nafarroako Gobernuak soilik kadeteei eta jubenilei eman die aritzeko baimena. 

Proba erreleboka egiteko aukera izango da ere, bikoteka. Hau da, batek korrikako segmentua egingo du eta besteak bizikletakoa. “Aukera hau proba herrikoiagoa egiteko eskaini dugu, sakandar gehiago animatu daitezen eta goiz polit bat pasa dezaten” azaldu du Sergio Garcia de Eulatek. 

Ibilbidea wikiloc-en
Sakana Triatloi Taldeak bere Facebook orrialdean ibilbidearen irudiak jarri ditu ikusgai, eta wikiloc-en ibilbidea kontsultatu daiteke. “Mendi bizikletan ibiltzeko eta mendian korrika egiteko paraje zoragarria dugu gurean. Nafarroan krosa egiteko leku onena hau dela esaten dute Nafarroako Atletismo Federazioan. Etxean zer dugun badakigu; beraz, ibilbidea oso polita izango da, goiz ederra pasatzeko modukoa” zehaztu du Sergiok. 

Lasterketetan aritzeko gogoz
Kirolariak lasterketetan aritzeko irrikaz  daudela aipatu du Garcia de Eulatek. “Jendea galdezka dabil, ea noiz eman daitekeen izena, ea kanpotik etor daitezkeen… baina Nafarroako proba denez, ez Estatu mailakoa, soilik nafarrak aritu ahalko gara. Jendeak kirola egiten du, baina entrenatzera ateratzera gehiago kosta egiten da, lasterketen motibazio hori falta delako. Gure lasterketak hor daudenez, anima gaitezen”. 

10 segunduro 3 duatleta
Lasterketan ez dira duatleta guztiak batera aterako. Dantzalekuko pistatik hirunaka aterako dira duatletak, 10 segundoro hiru. Horrela guztien arteko distantzia bermatuko da. Erlojupeko bat bezala izango da. Hasieran maskara jantzita aterako dira kirolariak, eta ondoren kendu egingo dituzte. Bizikleta segmentuan ezingo da aurrekoaren gurpiletik lotuta joan eta ez dira hornidura guneak egongo. “Arau hauek lehiaketa itsusiago egiten dute baina betegarriak dira, distantziak mantentzeko sortuak. Bizikletan norberak bere ur botila darama eta, hortaz, ez da hornidura gehiago behar izango. Lasterketak egotea, eta bertan parte hartu ahal izateko aukera izatea, hori da garrantzitsuena” dio Garcia de Eulatek. Juan Luis Maiza eta Sakana Triatloi Taldeko gainontzeko kideekin antolakuntza lanean dabil buru belarri, baina Altsasuko I. Duatloi Krosean aritzeko denbora aterako du. “Guretzat lasterketa hauek oso politak dira, eta gogotsu nago” gaineratu du. 

Sergio Garcia de Eulate:"Nafarroan krosa egiteko leku onena hau dela esaten dute federazioan"

Arbizun ere
Altsasuko biak, martxoaren 27an Arbizuko Duatloia... badirudi gutxika proba gehiago etorriko direla. “Hori espero dugu. Ilusio horrekin gabiltza entrenatzen. Lasterketak faltan botatzen ditut, lasterketetako lagunak, igandeak, bidaiak…” aitortzen du Sergiok. 

Izena ematea Nafarroako Triatloi Federazioan
Altsasuko I. Duatloi Krosean izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioan (www.navarratriatlon.com) eta baita rockthesport.com webgunean ere. Gehienez ere 125 duatleta ariko ahal izango dira bakarka, eta 15 bikote erreleboka.