Aurten ez da inauteririk izanen

Guaixe 2021ko ots. 2a, 11:04

Herri ihoteko segizioa Foru plazan.

Herri ihotea Iortia kultur guneko erakusketan presente izanen da hilaren 9tik 21era bitartean ikusgai izanen den erakusketan. Herri ihoteko batzordeak eta herriko ikastetxeetako guraso elkarteek antolatu dute erakusketa eta ikasleen lanak ikusteko aukera izanen da.

Altsasuko ihoteek Nafarroako Turismo Intereseko Festa izendapena dute, zehazki bere herri ihoteak. Baina aurten ez hori, ez txikien inauteri ezta hiri ihoterik ere ez da izanen Altsasun. “pairatzen ari garen osasun-krisiaren eragina dela eta, ezin izango dira gure inauterietako hiru hitzordu horiek ospatu. Erabaki zaila da, baina zuhurtasun eta erantzukizun printzipioetatik hartu da, gure osasun publikoa bezalako ondasun goren bat zaintzeko. Zaindu gaitezen orain, datorren urtean festak denon artean ospatu ahal izateko”. Hala jakinarazi du Javier Ollo Martinez alkateak. 

SARS-CoV-2 birusak eragindako osasun-krisiaren ondorioz Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia deklaratu zuen joan den urtean. Eta 2020ko festa egutegitik behar bezala ospatzeko aukera izan zen festa bakarra ihoteak izan ziren. "Gainontzeko guztiak bertan behera gelditu ziren. “Osasun-krisiaren larritasun bereziak eta jaiegun horien garapena une oro bermatzea guztiz ezinezkoa izateak, osasun-agintariek emandako neurriak zorrotz betez, ospakizun horiek eteteko erabakia hartzea justifikatzen du”, esan du alkateak. 

Urte hasieratik aurten Altsasun dagoeneko urte berri eguneko auzatea eta Santa Ageda gelditu dira bertan behera. Eta, esan bezala, ihoteak ere bertan behera gelditu dira. Horregatik, Ollok ohartarazpena egin du: “birusak indartsu jotzen jarraitzen du eta ezin ditugu gure ahaleginak eta osasun-neurriak behar bezala betetzea lasaitu, hartara, eta zientziaren laguntzarekin, hain aldi kritiko eta konplexua atzean uzteko”.

Erlazionatuak

"Amnesia kolektibo bat egon zen Altsasuko inauteriekin"

Eneida Carreño eta Erkuden Ruiz 2020 ots 21 Altsasu