Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak ibilbide luzea darama. Makina bat haur eta gazte trebatu dira eta aritzen dira bertan, neskak eta mutilak, txiki txikienetatik hasita talde gorenera arte, CBASK Jatorman. Duela hiru urte balentria lortu zuen CBASK Jatormanek: Nafarroako senior mailatik Gizonezkoen Autonomia Arteko 2. mailara igotzea. Lehen bi denboraldietan mailari eusteko gogor borrokatu behar izan zuen talde altsasuarrak; baina aurten, aldiz, Iosu Mendiola Marañon jokalari ohi arbizuarrak hartu zuen taldearen ardura, eta goiko postuetan dago.
Mendiola: jokalari izatetik entrenatzaile izatera
Iosu Mendiola Marañonek saskibaloia darama zainetan. “Aurreko urtera arte CBASK Jatormaneko jokalari izan nintzen. Arazo fisiko batengatik –hezur batean higadura dut– ezin dut jokalari izaten jarraitu eta jokalariekin adostuta, entrenatzaile postuan jartzea erabaki genuen. Eta hor gabiltza, lehenengo urtez talde nagusiko entrenatzaile gisa. Zortea izan dut, entrenatzea gustuko izango ez banu mundu honetatik kanpo geratuko bainintzen. Horrela, behintzat, saskibaloian jarraitzeko aukera dut” dio Iosuk.
Arbizuarrak urte dezente zeramatzan kategoria txikiko taldeak entrenatzen. Aurten 13 eta 14 urteko emakumezkoen taldea ere entrenatzen du, baina talde nagusia entrenatzea proposatu ziotenean “ez zuela zalantzarik izan” aitortu du. Entrenatzaile lana ez doakio batere gaizki, CBASK Jatorman sekulako denboraldia egiten ari delako, orain arteko onena. “Duela hiru urte igo ginen Autonomia Arteko 2. mailara. Aurreko bi urteetan nahiko eskas ibili ginen, mailaz jaisteko arriskuarekin. Lehen denboraldian banago 5 partida inguru irabazi genituela, eta iaz uste dut gutxiago izan zirela, koronabirusarengatik martxoan guztia gelditu zenera arte. Aurten, egia esan, zorte gehiago izaten ari gara edo gauzak nahiko ongi ateratzen ari zaizkigu. Ligako lehendabiziko 8 partidak irabazi genituen eta nahiz eta azken bi partidetan ezin izan garen gailendu, oso kontentu gaude, sentsazio onekin” nabarmendu du Iosu Mendiolak.
Jokatzen ari diren saskibaloi liga gutxienen artean dago Gizonezkoen Autonomia Arteko 2. maila, bertan Nafarroako taldeak eta Errioxakoak ari direlako eta Espainiako Saskibaloi Federazioak arautzen duelako. “Espainiako federazioko txapelketak dira jokatzen ari diren bakarrak. Liga jokatzen ari gara, eta dagoen egoera ikusita, ez da gutxi. Zorteko gara. Une honetan garrantzitsuena jokatu ahal izatea da, lehiaketa bertan bera ez geratzea” azaldu du Iosuk.
Harrobitik sortutako taldea, %100 sakandarra
CBASK Jatorman Altsasu Saskibaloi Klubetik sortutako taldea da erabat, harrobikoa. Jokalari guztiak sakandarrak dira, gehienak altsasuarrak, arbizuar bat, etxarriar bat eta iturmendiar bat izan ezik. Eta guztiek sekulako harremana dute, lagun talde bat dira. “Azken 10-20 urteetan, jokatzearekin eta ongi pasatzearekin konformatzen ziren, baina azken lauzpabost urteetan ahalik eta hobekien eta gorenen jokatzeko konpromiso handiagoa hartu dugun taldean bilakatu gara. Oso giro ona dugu eta ongi pasatzen dugu. Hori da gure lehen helburua. Argi dugu inor ez dela honetaz biziko, baina gauzak ahalik eta hobekien egiteko konpromisoa hartu dugu, eta nik uste dut maila badagoela erakusten ari garela” gaineratu du entrenatzaile arbizuarrak.
Euren nahia Sakanako jendearekin jokatzea da, eta hori oso argi dute. “Duela urte asko kluba Iruñeko jendea ekartzen hasi zen, baina guk argi dugu ez dugula bide horretatik joan nahi. Guk dugun ideia da Sakanako jendearekin jokatzea. Saskibaloian hobetu nahi izanagatik edo emaitza gehiago lortzeagatik ez dugu duguna galdu behar. Laguntasun eta giro on horri Sakanako jokalari guztiak hemen aritzea gehituko bagenion... sekulakoa litzateke” ez du zalantzarik Iosuk.
Izan ere, beste talde batzuetan aritzen diren jokalari sakandar oso onak daude, Ardoi taldean bikain dabilen Andres Zabaleta etxarrendarra, Jose Javier Zabaletaren anaia dena; Irlandako lehen mailan profesionala den Iñigo Zabalo edo CBASK-etik Iruñeko talde batera joan den Jorge Misiego, esaterako. “Guztiak elkartuko bagina ziur nago talde oso polita osatuko genukeela eta maila bat edo bi maila gorago jokatzea lortuko genukeela. Orain Iñigo Zabalo gurekin dabil eta nabaritzen da” dio Mendiola entrenatzaileak.
Iñigo Zabalo CBASK-en
Iñigo Zabalok Irlandan jokatzen zuen aurten, Irlandako Saskibaloi Ligako 1. mailan. Baina pandemiagatik bertan konfinatuta daude eta Irlandako liga bertan behera utzi zuten. “Iñigo Altsasura itzuli eta gurekin jokatzen hasi zen, eta, jakina, bere eragina nabaritu dugu. Lehenengo 4 partidetan ez zen gurekin aritu, orduan Irlandan zegoelako, beranduago hasi zen. Jokalari profesionala da, eta normala da taldeari plus bat ematea” azaldu du Mendiolak.

CBASK-en sekretua, lagunarteko harremana
Talde polita du CBASK-ek. “Hiru jokalari batera lesionatuta egon izan dira, baina, egia esan, beti egon da jendea jokatzeko moduan. Iñigo Irlandatik etorri izanagatik zortea izan dugu, eta badago ere Ingalaterrara lanera joan behar zen beste jokalari bat, baina azkenean pandemiagatik hemen gelditu behar izan duena. Jokalari kopuruz ongi gabiltza” dio entrenatzaileak. Lagun talde bat osatzen dute eta hori da taldeak duen plusa. “Galdetuko bazenit zein den gure arrakastaren sekretuetako bat, nik uste dut hori dela, gure lagunarteko harremana. Hori galduko bagenu, beste guztia askoz ere zailagoa izanen litzateke. Ez genuke entrenatzeko eta lana hobeto egiteko horrenbesteko gogorik izango, eta hori kantxan ere nabarituko litzateke. Gu beti entrenatzeko gogotsu gaude, ilusioa dugu, eta horrela jarraituz gero ziurrenik hobetzeko tartea izango dugula. Hori da gure sekretua. Bestela batek utziko zuen, besteak huts egingo zuen, gainontzekoek ez zuten hobetuko...” dio teknikariak.
Taldekideek ikasten dute edo lana egiten dute, eta sarritan zaila izaten da entrenamenduak eta beste uztartzea, baina lortzen dute. “Ez gara profesional talde bat, baina moldatzen gara. Jokalariek duten konpromisoarekin oso pozik nago. Saskibaloia lehenesteko gogoak ditugu eta pozik gaude” gaineratu du.
Gehienetan hiri handietako kirol taldeek baliabide gehiago izaten dituzte, baina Iruñeko taldeekin eta Errioxakoekin lehiatzeko moduan daudela uste du CBASK-eko entrenatzaileak. “Baliabide materialetan uste dut nahiko alderatuta gaudela, Altsasun instalazio bikainak ditugulako, baina hirietako taldeek jokalari askoz ere gehiago izaten dituzte, eta taldeak sortzea errazagoa izaten dute. Altsasun talde bat bakarrik dagoenez, talde hori goian egotea zailagoa da, baina hor gaudela erakusten ari gara, eurekin nor baino nor lehiatu ahal garela. Ez dakit hau gure maila den, gorago jokatu dezakegun edo ez garen inoiz gehiago igoko, baina lehiatu dezakegula erakusten ari gara” azpimarratu du entrenatzaileak.
Liga zaila dute aurretik
2020/2021 denboraldia ongi hasi du CBASK-ek, baina jakitun dira aurretik liga zaila dutela. Lider izan dira, baina asteburuan Berriozarko Humiclimaren kontra 70 eta 77 galdu eta gero, egun sailkapenean bigarrenak dira CBASK Jatormanekoak (18 puntu), San Cernin liderrarekin puntutara berdinduta. “Badakigu hasiera on batek ez duela esan nahi goian bukatu behar dugunik. Agian aurten ez gara jaitsiko, gauzak izugarri okertu beharko lirateke horretarako, baina ez dakigu goian eutsiko dugun ala ez. Saiatuko gara, jakina, baina aurtengo denboraldia ere nola bukatuko den ez dakigunez...” dio entrenatzaileak.
Izan ere COVID19ak guztia baldintzatzen du oraindik, eta liga bera airean dago. “Iaz liga martxoan bukatu zen eta ez ziren ez igoerarik ez jaitsierarik egon. Aurten zer gertatuko den ez dakigu. Orain arte talde nafarren arteko partidak jokatu ahal izan ditugu, eta mugak zabaltzeko esperoan gaude, Errioxako taldeen kontrako partidak jokatu ahal izateko. Errioxako taldeek ia ez dute jokatzeko aukerarik izan, han konfinamendua ez baita soilik herrialdekoa, herrien artekoa baizik. Hortaz ezin izan dituzte euren arteko partidak jokatu. Liga bera airean dago. Ikusiko dugu zer gertatzen den, azken uneko erabakiak izanen dira” aipatu du Iosuk.
Pandemiagatik ez dago arerioen partidak ikustera joateko aukerarik, eta horregatik gainontzeko taldeak nola dauden jakitea zaila dela aitortu du entrenatzaileak. Eta euren mailako partidak normalean ez direnez grabatzen, ezin dira ikusi. “Aurten arerioak nola dauden jakitea zaila da. Gure partidaren bat grabatuta dugu eta zer egin dugun ongi eta zer gaizki aztertzen dugu, baina bideo gutxi ditugu aztertzeko, nahi baino gutxiago” dio.
CBASKen osasun ona
Altsasuko CBASK Saskibaloi Taldean 100 saskibaloi jokalari baino gehiago trebatzen dira kategoria guztiak kontuan hartuta. Iosu Mendiolaren ustez, azkenaldian gaztetxo gehiago animatu dira taldean sartzen. “Gu mailaz igo izanak Sakanan izan zuen oihartzuna nabaritu dela uste dut. Eta, gero, CBASK-en trebatu zen Iñigo Zabalo gure artean ikusteak eta Gernika Lointekeko kapitaina den Naiara Diez altsasuarra maila gorenean ikusteak ere eragina du, zalantzarik gabe” uste du entrenatzaileak. Neskek pisu asko dute CBASK-en. “Nesken taldea entrenatzen dut eta orduak eta orduak sartzen dituzte kiroldegian. Esango nuke mutilei baino gehiago gustatzen zaiela saskibaloia, orokorrean” dio, irribarrez.
Pandemiaren egoerak uzten badu, otsailaren 12tik aurrera kirol txapelketak hasiko dira Nafarroan, saskibaloikoak barne. CBASK-eko talde guztiak entrenatzen ari dira, eta txapelketetan jokatzen hasteko irrikaz daudela adierazi digu Mendiolak. “Nafarroako ligak hasten badira, seniorren taldetik jokalariak igo ahal izango genituzke gure taldera; hori beste aukera bat da guretzat. Izan ere, goiko kategorian dagoen talde batek oinarria behar du, kategoria baxuago batean dagoen talde bat. Duela hiru urte mailaz igo ginenean, senior mailako taldea sortu behar izan genuen CBASK-en, ia hutsetik, gazte mailako jokalariak igoz. Ea aurten zer moduz doakien” azaldu du arbizuarrak.
Otsailaren 13an San Ignacio izango dute aurkari Zelandin, 100 zalerendako tokiarekin
Otsaileko lau partidetan Errioxako taldeen kontra aritzea zegokion CBASK-i, baina momentuz ezin dira jokatu. Gogor entrenatzea, ez dute besterik. Baina Iruñeko San Ignacio taldearen kontrako partida aurreratzea lortu dute eta otsailaren 13an, 18:00etan jokatuko dute, Zelandin. 100 ikuslek jarraitu ahalko dute partida, eta oso animatuta daude CBASK-ekoak. “Ea zaleak animatzen diren. Kiroldegira zale asko doaz, asko animatzen gaituzte eta oso giro polita sortzen da” dio.
Iosuri Unibertsitatean Ekonomia ikasketak bukatzeko gutxi falta zaio, aldi berean lan egiten du eta CBASK-eko talde nagusiko eta 13-14 urteko nesken entrenamenduekin oso lanpetuta dago. Hala ere, lehen mailako entrenatzaile titulua izateko ikastaroa despeditzeko tartea atera nahiko luke. “Hasierako entrenatzaile titulua aspaldi atera nuen, haur txikiak entrenatzeko, baina lehen mailakoa lortu nahiko nuke” esaten du. Entrenatzea lanbide bihurtuko ote lukeen galdetuta, “aztertuko lukeela” erantzuten du. “Hemen zaila litzateke, maila asko dagoelako, baina kanpotik proposamen bat iritsiko balitzait, aztertuko nuke. Ziur gustatuko litzaidakeela, baina ez dakit ausartuko ote nintzatekeen. Hori bai, gutxienez aztertuko nuke” berresten du.
Bitartean, Iosu Mendiola gustura dabil CBASK-en eta bere bizitzako taldea, Baskonia, jarraitzen. “Baskoniako zalea naiz betidanik eta sarritan joaten naiz partidak ikustera. Gasteizen saskibaloia erlijio bat da” ez du zalantzarik.

CBASK Jatorman 2020-2021. Autonomien Arteko 2. maila:
6: Ander Hormeño Ziordia
7: Ander Gabirondo Vazquez
8: Igor Martinez Lumbreras
9: Iñigo Zabalo Oiarbide
10: Jon Otermin Benito
11: Aitor Calleiras San Roman
13: Aimar Azpiroz Ereño
14: Adrian Senar Oyarbide
15: Unax Ijurra Artieda
16: Iñaki Herrero Larraza
18: Pello Iraola Rodriguez
19: Unai Flores Palacios
Entrenatzailea: Iosu Mendiola Marañon