“Informazio eta gardentasun falta salatzen dugu”

Guaixe 2021ko ots. 8a, 09:07

Jon Bengoetxea Intxausti, Lanbide Heziketako Mendi Ertain eta Eskalada zikloko irakaslea.

Hezkuntza Departamentuak Sakana Lanbide Heziketa Institutuko Mendi Ertaineko eta Eskalada Zikloa Altsasutik kenduko duela jakinarazi du. 

Jon Bengoetxea Intxausti, Sakana Lanbide Heziketa Institutuko Mendi Ertaineko eta Eskalada Zikloko irakaslea.

Nola hartu duzue Hezkuntza Departamentuaren erabakia? 
Sorpresa handia izan da. Oporretatik bueltan zuzendariak eman zigun departamentuaren asmoen berri. 

Zergatik egin nahi du Hezkuntza Departamentuak aldaketa hori? 
Ez dugu inongo informaziorik. Behin eta berriro eskatu dugu. Hainbat bidetatik saiatu gara informazio hori jasotzen. Baina Hezkuntza Departamentuak ikastetxeari eskatu dio informaziorik ez emateko. Eta behin eta berriro erabili duen kontzeptua edo ideia diskrezioa izan da. Beraz, ez dakigu zein izan den arrazoia. Hain zuzen ere hori eskatzen ari gara. Eskubide osoa daukagu arrazoi horiek ezagutzeko. 

Nahikoa matrikula du ziklo horrek Altsasun?
Bete betea dago. Nafarroako, Euskadiko eta Estatuko beste probintzietako ikasleak hartzen ditu. Izan ditugu Kordobatik, Cuencatik eta Avilatik etorri diren ikasleak. Taldeak beti %100ean bete izan dira. Gehienbat horrek harritzen gaitu. Izugarrizko arrakasta daukate ikasketa horiek, hainbat probintziatatik eta Estatu osotik etortzen dira ikasleak interes handia dutelako. Azken berri honek ezustean harrapatu gaitu. 

Institutuan beharrezko baliabideak daude zikloko hiru kurtsoak emateko?
Ikasketek hiru atal dituzte. Alde batetik, atal teorikoa, ikastetxean egiten duguna. Eta gero atal praktikoa mendian egiten dugu, batik bat, Urbasa-Andian edo Aralarren. Hirugarren atala, praktikak, inguruko enpresetan egiten dituzte. Beraz, dena antolatuta dago eta paregabea da hemen dugun espazioa eta lekua. Ezin hobea da. 

Zer pentsatzen duzue erabaki horren atzean?
Erabaki politiko bat dela. Baina, esan bezala, iritzi bat besterik ez da. Benetan atzetik zer dagoen ez baitakigu. Horregatik ari gara behin eta berriro gardentasun falta salatu nahian. 

Hainbat eragile bilerara deitu dituzue. Zergatik? 
Alde batetik, eskatu genuen ikastetxean klaustroa egiteko, eta esan ziguten hezkuntzako ordezkari bat etorri arte ez genuela klaustro hori izanen. Beraz, joan den astean irakasleok asanblada egin genuen eta denak ados geunden zerbait egin behar genuela. Astelehenean lan batzordea sortu genuen eta erabaki genuen inguruko hainbat estamenturi deialdia egitea. Asteazkenean izan genuen bilera hori. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta parte hartu zuten: Nafar Lansare, Sakanako Garapen Agentzia, Zelandi eskola publikoko zuzendaria, CCOO, ELA, LAB, STEILAS, AFAPNA, ikasleen ordezkariak, Sakanako Herri Eskoletako koordinatzailea, Altsasuko alkatea eta Bidelagun turismo elkartea. Denak ados zeuden: departamentuak hartu nahi duen erabaki horren kontra zerbait egin behar dela. 

Eta zer eginen duzue? 
Ostiralean prentsaurrekoa emanen dugu ikastetxean, 11:00etan. Horretaz aparte, asmoa da honi buruzko galdera egitea Nafarroako Parlamentuan. Ea zer nolako erantzuna ematen diguten. Eta, bide batez, hezkuntza kontseilariari galdera formal bat egitea. Aipatu da ere sektoreko mahaia osatzea, gai hau argitzeko eta, bide batez, ikasketa horiek Altsasutik ez eramateko. 

Zer eragin izanen luke ikastetxean ikasketa horiek kentzea? 
Ikastetxeak 40 ikasle galduko lituzke. Hori asko da. Bestalde, ikasle asko kanpotik etortzen dira eta eskualdean lotara gelditzen dira, alokatutako pisuetan edo landetxetan. Zerbitzuak erabiltzen dituzte. Ostalaritzak ere galdu egiten du. Ez du bakarrik ikastetxeak galtzen, Altsasuk eta Sakanak ere. 

Hezkuntza Departamentuak ikasketa berriren bat ekarriko du? 
Ez dugu inolako informaziorik. Eta hori da salatzen ari garena: gardentasun falta. Ez dugu informaziorik.