Herri batean hirigintza eraldaketako jarduera bat egiten denean, urbanizatutako lurzoruaren zati bat udalarendako da, aprobetxamendu edo zuzkidura jarduerak dira horiek. Beti ere, lur eremuaren azaleraren araberakoak dira zuzkidura jarduerak. Legean jasoa dagoenez, hirigintza zuzkidura horiek komunitate ekipamenduetara bideratu behar dira, hau da, parke, lorategi, aparkaleku eta bestelako zuzkidura publikoetarako.
Lurrak ematea erraza da jarduketa sistematikoa egin behar duten tokietan. Ez, ordea, hiri-lurzoru finkatuko zuzkidura-jarduketarik gehienetan, hau da, herriguneetan. Izan ere, halakoetan lur emate horiek ezin dira fisikoki gauzatu. Halako kasuetan aprobetxamendu edo zuzkidura jarduera egin nahi duen pertsonak edo erakundeak Altsasuko Udalari diru kopuru bat ordaindu beharko dio. Eta, hain zuzen, ordainketa horiek zehazteko ordenantza prestatzen ari da udala, diru kopuru horren zenbateko nola kalkulatu behar den zehaztuz.
Eta legeari jarraituz, ordenantza onartu aurretik, Altsasuko Udalak herritarren parte hartzea bultzatzeko prozesua zabaldu du. Arauak ukitu ditzakeen pertsona eta erakundeen iritzia jaso nahi du. Ordenantzaren zirriborroa www.altsasu.eus web orrian kontsultatu daiteke. Ekarpenak martxoaren 3ko 14:00ak arte egin daitezke altsasu@altsasu.net e-postaren bidez.