'Zendabalitz'-era hegaldia

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ots. 8a, 12:33
Erika Elizari idazlea Altsasun.

Urtero bezala, Itsasi euskaltegiak eta Sakanako Mankomunitateak idazle batekin solasaldia antolatu dute. Aurtengoa berezia izan da euskaltegiak 25 urte beteko dituelako. Erika Elizari izan da gonbidatua.

Euskaltegiko ikasleek Zendabalitz Erika Elizariren eleberria irakurri dute azken asteetan. Beste batzuei liburua "kontatu diete" Idoia Artieda euskaltegiko irakasleak aitortu duen bezala. Bera izan zen Erika Elizariren solasaldiaren gidaria. AEK euskaltegiak eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak urtero idazle baten solasaldia antolatzen du, eta aurten XXI. Igartza Sarietako irabazlea ekarri dute. Gainera, bi aldiz berezia izan da emanaldia; pandemia egoera dela eta edukiera mugatua izan da eta entzuleak maskara jantzita egon dira, eta, bestetik, euskaltegiaren 25. urteurrenaren baitan antolatu dute ekimena.

Erika Elizari Hernanin bizi da eta asteazkenean Altsasuko Iortia kultur gunean egon zen bere lehenengo eleberriaz hitz egiten: Zendabalitz. Hegazkin batean gertatzen da eta Elene, Gabrile, Paule, Xabier, Enara, Malox, Sukaina eta abar dira protagonistak. Euskaltegiko klaseetan hegazkinaren planoak egin dituzte istorioa eta pertsonaiak kokatzeko, eta Elizarik azaldu duenez, Xabier Mendiguren editoreak irakurlea kokatzeko "marrazki" bat jartzea proposatu zuen. "Azkenean ez jartzea erabaki genuen eta jolas moduan planteatu genuen. Irakurlea horretara behartu nahi izan genuen".

"Nik hitz egin nahi nuen gure buruaren barruan dugun kaosari buruz". Horretarako, pertsonaia desberdinak behar zituen idazleak. "Baina aldi berean kontakizun bakarra egin nahi nuen". Kronika bat idaztea erabaki zuen, beraz, eta guztien artean elkar egiteko toki itxi bat eta denbora mugatu bat behar zituen: "Hegazkinak ematen zidan behar nuen guztia. Gainera, oso toki berezia da; tentsioa sortzeko oso leku aproposa". Gauza batek bestera eraman zuela azaldu du Elizarik, "ongi zetorkidan barruko ahots hori ateratzeko".

Lehenengo eleberria
Elizarik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen eta ETBko Teknopolis saioan lan egiten du. Erredaktorea da. Bere lehenengo lana da. Igartza Saria irabazi zuen 2018an. Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin antolatzen duten sari banaketa da eta idazle berriak bultzatzea du helburu. "Sarietara aurkezteko hamabost orriko lagin bat bidali behar dituzu. Bertan gaia, pertsonaiak, zer bilatzen duzun eta abar azaldu behar duzu. Askea da". Txosten hori saritzen dutela esan du idazleak: "Gero proiektua bukatzeko eta argitaratzeko aukera ematen dizute".

Baina gero orri horiek osatu behar direla aitortu du. "Niri gertatu zitzaidan konfiantza hartu nuela hamabost orri horiekin, oso onak iruditu zitzaizkidan, baina hortik aurrera zegoen guztiak zalantzak sortzen zizkidan". Presioa sentitu zuela esan du, baina aldi berean "oso ondo" pasatu zuela idazten. Gainera, txostena egin behar denez "ideiak nahiko argi" izateak ekartzen duela azaldu du. Horregatik ere urtebete "nahikoa" dela azaldu du.

Liburua irakurri ondoren, euskaltegiko ikasleek hainbat galdera argitu nahi zituzten. Esaterako, zergatik jarri zuen izenburu hori. "Hasiera batean, proiektua garatzen hasi nintzenean, iraganak, orainak eta etorkizunak presentzia handia zuten. Pisu handia izango zutela uste nuen". Pertsonaien pentsamendu asko iraganari eta etorkizunari lotutakoak izango zirela uste zuen idazleak. "Orain hegazkinean bizitzen dute". Beraz, proiektua hasi behar zuenean Zen, da eta balitz hitzekin berri bat sortu zuen: Zendabalitz. "Niretako unibertso bat bihurtu da. Badirudi leku bat dela". Izenburuari "kariñoa" hartu zion, tematu zen eta, azkenean, onartu zidaten. "Normalean proiektua hasten denetik publikatu arte izenburua aldatzen da hasierako ideia horiek aldatzen direlako".

Nobela korala
"Pertsonaia denek dute zerbait asmatutakotik eta zati handi bat ezagutzen ditudan pertsonetatik", erantzun zuen Elizarik ikasleek egindako pertsonaien inguruko galdera. Azaldu duenez, edozein egoeratan dagoela jarrera bat ikusten duenean apuntatu egiten du, eta ondoren, idazten ari zela apuntatutako jarrera horiek pertsonaien artean nahastu eta banatu zituen. "Horrela sortu dira". Bere izaeratik eta bere ingurukoetatik ere zerbait izango dutela esan du, "suposatzen dut baten batek bere burua antzemango zuela". Gizartearekiko "identifikazio puntuak" ematen saiatu da.

Hasieran eta bukaeran formula berdina erabili du idazleak. "Pentsatzen duzunarekin eta gero gertatzen denarekin desberdintasun hori adierazi nahi nuen. Kontraste hori, eta forma borobila eman nahi nion ere". Liburua ia osotasunean lehenengo eta bigarren pertsonan idatzita dago, epilogoa, aldiz, hirugarren pertsonan: "Proiektuan nire bereizgarri bat bezala saldu nuen lehenengo eta bigarren pertsonan ariko nintzela nork bere buruarekin hitz egiteko zentzua zuelako horrela aritzea. Baina niretzako kartzela bihurtu zen. Ez nuen adierazteko modurik". Honen harira, autokritika ere egin du: "Ez da erreala, ez genuela horrela hitz egingo. Baina nik nahi nuena kontatzeko derrigorrez horrela kontatu behar nuen".