Kiki, Koko eta Moko pailazoak Altsasun

Guaixe 2021ko ots. 11a, 10:40
Kiki, Koko eta Moko pailazoak. IORTIA

Altsasuko Udalak inauterietako ospakizunak bertan behera utzi dituen arren, Iortia kultur guneak "presente" izan nahi ditu eta astelehenean, hilaren 15ean, 18:00etan, Bizi-bizi zirkuaren Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna izanen da

Koronabirusaren osasun krisialdiak sortutako egoera dela eta, Altsasuko Udalak inauterietako ospakizunak bertan behera uztea erabaki zuen. Hala ere, urtero bezala, herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteek eta ihoteetako batzordeak antolatuta Altsasuko herri inauterietako erakusketa ireki zuten asteartean. Otsailaren 21era arte zabalik egonen da ikasleek egindako lanen erakusketa. Bestetik, astelehenean, otsailaren 15ean, Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia izanen da, 18:00etan, Iortia kultur gunean. Diaboloak, pilotak, kariokak, monozikloak, mazak, aroak... zirkuaren elementuen bidez arratsalde dibertigarria eskainiko du Bizi-bizi Zirkua konpainiak. Sarrerek 3,5 euroko prezioa dute eta kultur guneko txarteldegian edo webgunean eros daitezke.