Lanbide Heziketatik ikasketak kentzeko “erabakia ez dago hartuta”

Guaixe 2021ko ots. 16a, 10:31

Lantaldeko kideek prentsaurrekoan bere iritzia azaltzen.

Hala jakinarazi du Hezkuntza Departamentuak. Nafarroako Parlamentuan ikasketa horiek kentzeaz hitz eginen da gaur, 12:15ean. Gaiaren inguruan sortutako lantaldeko ordezkaritzak azalduko du zein den egoera.

Mendi Ertaineko eta Eskaladako zikloko ikasketak Sakana Lanbide Heziketa (LH) institututik kenduko zituela iragarri zion Hezkuntza Departamentuak zuzendaritzari abenduaren 23an. Zuzendaritzak irakasleei oporren ondoren jakinarazi zien berria. Hezkuntza Departamentuko ordezkari batek ikastetxeko Gizarte Kontseiluari ilbeltzaren 29an jakinarazi zion kirol irakaskuntza horiek kentzea “dagoeneko harturiko erabakia dela”.

Institutuko klaustroa joan den asteartean bildu zen eta bertan izan zen Esther Monterrubio Ariznabarreta, LHko Planifikazio eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendaria. Monterrubiok klaustroari esan zion kirol-irakaskuntzak zentralizatzeko aukera azterketa-fasean baino ez dagoela, eta Sakana LH institutuko kirol-irakaskuntzen eskaintza kentzeko erabakia oraindik ez dagoela hartuta. Monterrubiok azaldu zuenez, heziketa-ziklo bat ezartzeko edo kentzeko arrazoiak eskaera profesionala eta prestakuntza beharrak kontuan hartuta hartzen dira. Eta gaineratu zuen kirol ikasketa eskaintza hori Sakanako Plan Estrategikoarekin bat datorrela. Azkenik, Monterrubiok aipatu zuen ziklo horiek kenduz gero, Sakanako beharrei erantzunen dien beste bat ezartzeko aukera.

Datuak eskutan, ikastetxeko irakasleek garbi dute kirol ikasketek “eskaera handia dute ikasleen aldetik, % 100eko enplegagarritasuna dute, garapen ekonomikoa bultzatzen dute enpresak eta autoenplegua sortzeak bermatzen duen bezala, eta Sakana marka turistikoa eta eskualdearen garapen ekonomikoa bultzatzen dute”. Irakasleek uste dute horiek guztiak nahikoa arrazoi direla Sakana LH institutuan Mendi Ertaineko eta Eskaladako Kirol Teknikariaren zikloen hiru ikasturteetako eskaintzari eusteko. Gaineratu dutenez, “ziklo berri bat ezarriz gero, institutuaren eskaintza zabaltzea bermatzen duten arrazoi teknikoak badaude, horrela egin dadila, baina ez dadila egin Mendi Erdiko eta Eskaladako Kirol Teknikariaren zikloak kentzearen kontura”.

Parlamentua 
Lanbide Heziketako ikasketa eskaintzaren kontura batzordea osatu dute institutuko irakasleek, Sakanako Mankomunitateak, Sakanako Garapen Agentziak, Altsasuko Udalak, ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta AFAPNA sindikatuek, Sakana Bidelagun landetxeen elkarteak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Altsasuko bulegoak. Haien guztien izenean asteartean Nafarroako Parlamentura joanen dira bi irakasle, Javier Ollo Martinez (Altsasuko alkatea), Iker Manterola Matxain (Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea) eta Alfonso Nuin Cartujo (Bidelagun elkarteko presidentea).

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean hartuko dute hitza gaur, 15:15ean. Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak eskatuta Mendi Ertaineko eta Eskaladako zikloetarako Sakana Lanbide Heziketako ikastetxearen eskaintzaren egoera eta etorkizunari begira dauden aukerak aztertuko dira bertan. Sakandarrek araubide bereziko kirol-irakaskuntzako ziklo horien prestakuntza-eskaintza ez ezabatzeko eskaera bermatzen duten argudio teknikoak eta datuak emanen dituzte.  

Aurrekaria 
Zurgintza ikasketak Altsasutik Iruñera eraman zituen Hezkuntza Departamentuak XX. mendeko 90eko hamarkadako bigarren erdialdean.