Feministen pankartak kendu dituztela salatu dute

Guaixe 2021ko ots. 15a, 13:06

Altsasuko udaletxe parean jarritako pankarta. ALTSASUKO TALDE FEMINISTA

Joan den astean erailketa matxista eta eraso transfoboa salatzeko jarritako pankarten sokak moztu dituzte. Mugimendu feministako kideek gaztigatu dutenez, “ez gaituzte isilduko, erasoak salatzen jarraituko dugu, aldarri feministak kaleratzen jarraituko dugu”.

Gizonezkoak emakumezkoa hil zuen Sestaon ostiralean. Eta Iruñerriko adingabe transexual batek lau gaztetxoren aldetik jipoia jaso zuen Iruñerrian hilaren 7an. Hilketa eta erasoa salatzeko  Altsasuko talde feministak hainbat pankarta jarri zituen herrian barna. “Antza denez, salaketa honek norbait molestatu du eta pankartako sokak moztu dituzte”. Taldeko kideek gaztigatu dutenez, “zoritxarrez, hau ez da lehen erasoa izan”. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguneko, azaroaren 25eko, kartelak eta Sakanako mugimendu feministak egindako pankarta eta muralak ere hautsi dituztela gogorarazi dute.

Taldeko kideek “duela hilabete batzuk argi erantzun genuen” bezala, “ez gintuztela isilduko eta orain ere berdinean berresten gara”. Mugimendu feministako kideen iritziz, “eraso horiek argi uzten dute gure herrian matxismoa eta transfobia dagoela, baita mugimendu feminista isilarazi edo desagerrarazi nahi dutenak ere”.