saskibaloia

CBASK-IFUEL taldeak ezin izan zuen Liceo Monjardin mendean hartu

Guaixe 2021ko ots. 18a, 13:50

Gizonezkoen Senior Mailako 2. maila autonomikoko liga asteburuan hasi zen eta Altsasuko taldeak 8 punturen aldearengatik galdu zuen Liceoren kontra, Zelandin. 

Asteburuan hasi ziren Nafarroako saskibaloiko gizonezkoen senior mailako 1.eta 2. maila autonomikoak eta emakumezkoen senior maila.  Senior mailako 2. maila autonomikoan Altsasuko CBASK-IFUEL taldeak Liceo Monjardin hartu zuen larunbatean Zelandin. Liga hasteko gogotsu zeuden CBASK-eko senior mailakoak, baita zaleak ere, eta partida oso lehiatua jokatu zuten Liceo Monjardinen kontra. Tamalez, Liceo Monjardinek aldea hartu zuen eta, azkenean, 8 puntuko aldearekin gailendu zitzaion CBASK-IFUEL taldeari. Altsasuarrek ezin izan zuten denboraldia garaipenarekin mustu, baina hau hasi besterik ez da egin eta garaipenak etorriko dira. 

Momentuz Gazte Berriak taldea da Gizonezkoen Senior Mailako 2. maila autonomikoko liderra (2 puntu) eta CBASK-IFUEL 6. postuan dago, punturik gabe. Igandean, 12:00etan, talde altsasuarrak Liceo Monjardinen kontra bueltako partida jokatuko du, Liceoko pabilioian. 

Maila autonomikoan CBASK-Jatormanek eta San Ignaciok jokatu beharreko partida, atzeratuta
Autonomia Arteko 2. Mailan dabilen CBASK-Jatorman taldeak Iruñeko San Ignacio taldearen kontra jokatu behar zuen larunbatean Zelandin, aurreratutako partida, baina, azkenean, partida atzeratzea erabaki zuten bi aldeek. Asteburu honetan Logrobasket taldearen kontra jokatzekoa zen talde altsasuarra, baina pandemiagatik mugak itxita daudenez, partida atzeratu egin da.