Duatloia

Dena prest Nafarroako Duatloi Txapelketarako

Guaixe 2021ko ots. 19a, 14:30
2019ko Altsasuko Duatloiko emakumeen irteera, plazatik. Igandekoa Dantzalekun jokatuko da.

Aurreko asteko korrikalariei duatletek hartuko diete tokia, igandean Altsasuko I. Duatloi Krosa jokatuko baita Dantzalekun, Nafarroako Duatloi Txapelketa izanen dena. Goizeko 10:00etan Nafar Kirol Jolasak hasiko dira, 11:00etan erreleboko proba eta 12:00etan Nafarroako Txapelketa

Dantzalekuk puri-purian jarraitzen du. Aurreko asteko Altsasuko Krosari, igandean jokatuko den Altsasuko I. Duatloi Krosak hartuko dio txanda. Sakana Triatloi Taldea eta Nafarroako Triatloi Federazioa Nafarroako aurtengo lehen duatloi proba izango dena antolatzeko gogotsu daude, eta eguraldia lagun, guztira 200 kirolaritik gora bilduko dira Dantzalekun. 

Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulatek azaldu duenez, parte hartzea oso ona izanen da. “Nafar Kirol Jolasetan, hau da, kategoria txikietan, 60 duatleta ariko dira kategoria ezberdinetan;  erreleboen proban –kirolari batek korrikako segmentua egitea eta besteak bizikletakoa–, 30 bikotek eman dute izena eta proba nagusian, hau da, Nafarroako Duatloi Txapelketan 65 duatletek hartuko dute irteera. Kontuan hartuta soilik Nafarroako kirolariak aritu ahal direla, partaide asko dira eta oso kontentu gaude”. Nafarroatik kanpoko kirolari askok deitu omen diete Altsasuko proban aritzeko interesarekin. “Jende askok hots egin digu Madrildik, Kantabriatik, Errioxatik, ondoko probintzietatik… baina ezin da, eta soilik nafarrek parte hartu ahal izango dugu” nabarmendu du Garcia de Eulatek. 

Aurreko asteko Altsasuko krosak erakutsi zuen osasun eta segurtasun neurriak beteaz posible dela kirol proba bat antolatzea, nahiz eta horrek antolakuntzari lan gehiago eskatu. Nafarroako Txapelketa denez, Sakana Triatloi taldea eta Nafarroako Triatloi Federazioa arduratu dira antolakuntzaz. Dantzalekuko kirol gunean soilik kirolariak, epaileak eta antolatzaileak sartuko dira, segurtasun burbuila egiteko. Boxak goiko futbol zelaian egongo dira. Ikusleek probarako prestatutako zirkuituan jarraitu ahalko dituzte probak, eta maskara janztea eta segurtasun distantziak mantentzea eskatu zaie antolakuntzatik. 

Eguraldi ona eta ibilbide ederra, lohi gutxirekin
Dantzalekun eta Usolarrainen barna prestatutako zirkuituan gauzatuko da proba. Goiztiarrenak Nafar Kirol Jolasetako neska-mutilak izango dira; goizeko 10:00etatik aurrera hasiko dira kategoria ezberdineko probak. 11:00etan Erreleboen Altsasuko I. Duatloi Krosari emango zaio hasiera –30 bikote, tartean sakandar asko– eta 12:00etan Altsasuako I. Duatloi Krosean, Nafarroako Duatloi Txapelketan ariko direnak abiatuko dira. 

Ibilbideak aurreko asteko Altsasuko kroseko eremu bat hartuko du. Sprint distantzian jokatuko da. Hasieran duatletek 4 km osatu beharko dituzte Dantzalekuko paraje zoragarrietan barna, eta gero bizikleta hartu eta San Pedro zelairantz joko dute, 12 km osatzeko. Bukaeran 2 km egin beharko dituzte. “Zirkuitu oso polita da, Usolarraingo merenderotik barna ibiliko dena. Aste osoan eguraldi ona egin duenez, ez dago lokatz askorik, eta iganderako eguraldi ona iragartzen dutenez, giro oso polita eta egun zoragarria espero dugu” gaineratu du Sergio Garcia de Eulatek. Wikiloc-en ibilbidea kontsultatu daiteke.

Sakandar ugarik parte hartuko du proban. Horregatik antolatu zuten errelebo lasterketa, bertakoen partaidetza sustatzeko. Eta lortu dute. Sakana Triatloi Taldekoak igandean aritzeko gogotsu daude. Guztia antolatzeko 25 pertsonako lantaldea ibiliko da lanean, eta haiek emandako argibideak jarraitzeko eskaera egin diete Dantzalekura hurbilduko direnei. Duatloia bueltan da. 

Streaming bidez
Aurreko astean Altsasuko Krosa bezala, igandean jokatuko den Altsasuko I. Duatloi Krosa streaming bidez jarraitzeko aukera izango da, Nafarroako Trialoi Federazioaren esku. “Federaziokoak denboraldia hasteko gogotsu daude; gure proba aurrera ateratzeko interes handia zuten, hain zuzen ere beraiena izan zen Nafarroako Duatloia Dantzalekun antolatzearen ideia. Dituen bitarteko guztiak jarri dituzte, tartean lasterketa streaming bidez eskaintzearena. Kamara finko batek, dron batek eta bizikleta batean jarriko den kamara batek hartutako irudiekin eskainiko da proba” azaldu du Sakana Triatloi Taldeko kideak.