Sestaon eta Iruñean izandako erailketa matxista eta eraso transfoboa salatzeko, Altsasuko talde feministek hainbat pankarta jarri zituzten herrian. Altsasuko mugimendu feministako kideek gaztigatu dutenez, “antza denez, salaketek norbaiten ezinegona piztu eta lotsarik gabe pankartako sokak moztu zituen”. Jardun hori “mugimendu feministako eragileen kontrako erasotzat” hartu dute. Altsasuko mugimendu feministako kideek gaineratu dutenez, ez da halakorik gertatzen den lehen aldia: “azaroaren 25eko kartelak eta Sakanako mugimendu feministak egindako pankartak zein Sakanako neska* gazteek jarritako muralak ere hautsi izan dituzte”.
Altsasuko mugimendu feministako kideek nabarmendu dutenez, “hamaika dira gizarte heteropatriarkal kapitalistaren ondorioz gure gorputzek eta biziek pairatu behar dituzten indarkeriak. Horren aurrean, mugimendu feministak egiten duen lana garrantzi handikoa da harreman, balio-sistema eta biolentzia heteropatriarkalei aurre egiteko ehuna osatzen dugulako. Autodefentsa feministaz, elkarlanean kolektiboki eta bizitzak erdigunean jarriz babestuko gara honen aurrean beti”.
Mugimenduko kideek esan dutenez, “erne gaude eta ohartarazi nahi dugu agerian geratzen dela lanketa eta borroka feminista ezinbestekoa direla herrian. Eraso matxista eta transfobo horien funtsa borroka feminista isilaraztea edo desagerraraztea bada, jai dute”.