Zumalakarregi, Idertzagain, Baratzako Bide, Larrainbide, Intxaurrondo, Isidoro Melero eta beste hainbat kale eta plazetan portxeak dituzten etxebizitza blokeak daude. Edo Iruñea Etorbidean etxebizitza blokeen artean espazioa. Horiek guztiak jabetza pribatuak dira, baina erabilera publikoa dute. Altsasuko Udala jakitun da espazio horietan urtetan arazoak sortu direla, “batez ere horiek mantentzeko betebeharrari dagokionez”, zehaztu du Javier Ollo Martinez alkateak. “Egoera horrek hainbat interpretazio ekarri ditu kasu bakoitzean jabeen eta udalaren artean, eta hori are larriagoa da horrelako egoerak udal eta udalez gaindiko araudian araututa ez daudelako”.
Araudi falta dagoela ikusita, Altsasuko Udalak bere egitea erabaki du. Horretarako, batetik, Estatuko beste udal batzuetako araudietan eta gaiaren inguruko epaile erabakietan eta bestelakoetan oinarritu da. Erregulazio proposamenak dagoen eran aurrera eginen balu, udalak bere gain sei betebehar hartuko lituzke. Batetik, lurra eta hiri altzariak garbitzea, paramentuak eta sabaiak izan ezik (azken horiek ataripeen kasuan). Bestetik, argiteria publikoaren zerbitzua eta mantentze-lanak pasaguneak (kale-argiak eta ataripeko sabaiko argi-puntuak, halakorik bada) behar bezala ikusteko eta hiri-altzariak (eserlekuak, paperontziak…) aldatzeko. Aldi berean, hiri altzariak berritzearen (bankuak, paperontziak…) ardura udalarena litzateke.
Bestalde, udalaren betebeharren artean leudeke, lorategirik balego, mantentze-lan egokiak egitea, udalerriko gainerako lekuetan aplikatzen diren arau eta estandarren arabera. Aldi berean, oinezkoak pasatzeko gunea behar bezala erabiltzea galarazten duten kaltetutako zoladurako elementuak eta segurtasuneko elementu osagarriak jarri beharko lituzke. Eta, azkenik, partzelari eragiten dioten azpiegitura-sare orokorren elementuak mantentzea. Proposamenean jasotzen denez, Altsasuko Udalak ez luke zoladura osorik berritzeko inbertsiorik eginen.
Bestalde, araudi proposamenean espazio horien jabeei bi betebehar aurreikusten zaizkie: eraikinaren egitura elementuak (fatxaden aurrealdea eta atarietako sabaiak) zaintzea eta saneamendurako eta euri eta hondakin urak husteko azpiegituren sareak sare orokorrarekin lotu arte mantentzea, eta kaltetutako elementuak (kutxak edo hustubideak) berritzea.