Jorge Azanza

“Etapa garaipen baten moduan ospatu dugu”

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 23a, 11:05

Espainiako Vueltan aritzeko gonbidapenetako bat jaso du Euskaltel Euskadik. Talde laranjak garai bateko tokia berreskuratzeko pauso handia eman du

UCI World Tour mailako 19 taldeez gain, 4 taldek lortu dute Espainiako Vueltan aritzea: UCI Pro Team mailako 2020ko talde liderra, Alpecin-Fenix, eta hiru talde gonbidatuk, Burgos-BH, Rural Kutxa-Seguros RGA eta Euskaltel Euskadi taldeek. Tamalez, Pablo Urtasun zuzendari duen Kern Pharma taldea gonbidapenik gabe geratu da. 

Duela 8 urte Euskaltel Euskadik bere azkeneko Vueltan parte hartu zuen. Talde laranja berriro Vueltan egotea oso albiste ona dela diote txirrindula zaleek, horrek taldeari sekulako bultzada emango diolako. Aldiz, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak aurten bere 10. Vuelta osatuko du. Juan Manuel Hernandez managerraren iritziz, gonbidapena jasotzea “motibazio eta harrotasun handia” da. “Gure lasterketarik garrantzitsuena da eta oso eskertuta gaude Vueltako antolatzaile den Unipublic-ekin, guganako duten konfiantzagatik. Urte guzti hauetan Vueltan talde gisa hazi egin gara” nabarmendu du. Rural Kutxa-Seguros RGA taldean profesional gisa aurten debutatu du Josu Etxeberria txirrindulari iturmendiarrak, eta Vueltan tokia izateko gogor lan egingo du. 

Espainiako Vuelta abuztuaren 14tik irailaren 5era arte jokatuko da. Aldaketa asko izanen ditu. Esaterako, aurten ez da Pirinioetatik pasako, eta Vuelta ez da Euskal Herrian sartuko. Burgostik abiatuko da, eta amaiera ez da Madrilen izanen. Aurten Santiagon despedituko da, Done Jakueren urtea, Xakobeoa, baita. 

Zorionak Jorge, Vueltaren gonbidapena jaso izanagatik.
Eskerrik asko! Ilusionatuta nagoela esatea motz gelditzen da. Oso oso pozik nago. Taldea sortu zenetik hau da gure ametsa. Aurten Vueltara joateko esperantzak bagenituen, baina antolatzaileen erabakia jakin arte beti zaude zalantza horrekin. Euskaltel Euskadiko txirrindularia nintzela Euskaltelen azkeneko Vueltan parte hartu nuen, duela 8 urte, eta Euskaltel Euskadi Vueltara itzuliko den honetan ere bertan egongo naiz, kasu honetan zuzendari gisa. Egi bihurtutako ametsa da, eta hau guztia posible egin duten guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiet. 

Euskadi Fundazioaren aurkezpenean esan zenuten aurtengo helburuetako bat garaipenetatik gertu egotea izango dela, UCI World Tour mailako proben gonbidapenak jasotzeko. Bada, gonbidapen oso garrantzitsua jaso duzue jada, Vueltarena.
Bai. Esan beharra dut asteartea guretzat jai egun garrantzitsu bat izan zela. Ia garaipen baten moduan ospatu genuen. Orain gelditzen zaiguna da gauzak ongi antolatzea, lan asko egitea eta Vueltan gure maila erakustea. Lan handia dugu aurretik. 

Aurkezpenean aipatu zenuenez, Euskaltelen beste helburua harrobi lanarekin jarraitzea da.
Bai, harrobiko txirrindulariak egitura profesionala elikatzeko gure haztegiak dira. Aurten 300 gazte bilduko dira Euskadi Fundazioaren harrobiaren proiektura eta oso pozik gaude. 

20 txirrindulari dituzu zure esanetara UCI Pro Team mailako Euskaltel Euskadi taldean. Aurkezpenean Xabier Mikel Azparren txirrindulariak esan zuen taldea oso indartsu ikusten duela, giro oso ona duzuela eta emaitza onak iritsiko direla. Nolako taldea da?
Talde oso konpentsatua dugu, orekatua, lanerako gogotsu. Helburua ahalik eta lan onena egitea da, garaipenetatik gertu egoteko. Ea gauzak ongi ateratzen zaizkigun, motibazio faltarik ez dugu. Vueltaz ari garela, aurtengo edizioa ezberdina izango da eta hara joango gara gure izaera erakusteko, gogor lehiatzera eta etapetan ahalik eta hobe ibiltzera. Oso pozik gaude, zerbait polita egiteko itxaropentsu.