Saskibaloia

CBASK-en bi porrotak

Maider Betelu Ganboa 2021ko ots. 25a, 12:00

Nafarroako 2. maila autonomikoan puntu baten aldearengatik galdu zuen CBASK-IFUEL taldeak. Autonomia Arteko 2. mailan 11 punturen aldea atera zion San Ignaciok CBASK-Jatormani

Asteburua ez da oparoa izan Altsasuko CBASK saskibaloi taldearendako. Batetik, Nafarroako 2. maila autonomikoko senior mailan dabilen CBASK-IFUEL taldeak Iruñean jokatu zuen, Liceo Monjardinen kontra, ligako 2. jardunaldia, itzuliko partida. Partida oso borrokatua izan zen eta edozein taldek lortu ahal izan zuen garaipena, baina joanekoan bezala, Liceo Monjardin izan zen gailendu zena, kasu honetan soilik puntu baten aldearekin (54 eta 53). 

2. maila autonomikoko liderra Gazte Berriak taldea da, 4 punturekin. CBASK-IFUEL 5. postuan dago, punturik gabe. Asteburu honetan 3. jardunaldia jokatuko da eta CBASK-IFUEL taldeari atseden jardunaldia dagokio.

Autonomia Artekoa: CBASK-Jatormanek 11 punturen aldearekin galdu
Bestalde, Autonomia Arteko  2. Mailan San Ignacio taldearen kontra aritu zen CBASK-Jatorman, aurreratutako partidan. Partida lehiatua izan zen baina, azkenean, San Ignaciok zuen aldeari eutsi zion eta 91 eta 80 irabazi zion talde altsasuarrari. 
Mugak itxita daudenez, oraindik ezin izan dira Errioxako taldeen kontrako partidak jokatu eta sailkapena nahiko gorabeheratsua da, zenbait jardunaldi jokatu gabe daudelako. Hala ere, momentuz San Cernin da lider (24 puntu), 14 partida jokatuta. CBASK-Jatorman 2. postuan dago, 10 partida jokatuta (18 puntu). Asteburuan Errioxako Clavijoren kontra aritzea dagokio CBASK-Jatorman taldeari, baina azken orduko aldaketarik ez badago partida atzeratu egingo da.