"Gaur sare sozialen bidez mezu pribatu bat jaso dut". Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatean sare sozialetan salatu duenez, falangearen mehatxu bat jaso du: "Falangea zure atzetik dabil. Nafarroako Guardia Zibilaren antiterrorismo zerbitzuan infiltratuak ditugu eta Falangearen kamaradak dira. Zure atzean gaude". Ollok "elkarbizitza" mezua zabaldu nahi izan du: "haien aurrean eta kontran, elkarbizitza".
Nafarroako EAJk Twitter bidez zabaldu duenez, Ollok jasan dituen "mehatxu berriak" gaitzesten dituzte: "Demokrazia batean jarrera hauek onartezinak dira. Desadostasun politikoa ez da inoiz mehatxuetan oinarritu behar". Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuaren presidenteak ere mehatxuaren kontrako gaitzespena eta alkatearekiko elkartasuna adierazi du.
Ez da lehenengo aldia Ollok mehatxuak jasotzen dituela. 2020ean Ospa egunaren kontura sare sozilen bidez mezu "iraingarri ugari" jaso zituela salatu zuen, eta 2018an gizon batek eposta bidez iraindu eta heriotza mehatxua egiten zion ferietako liskarraren ondoren. Zortzi hilabeteko zigorra jaso zuen. Mehatxu mezuen aurrean "salaketa jarriko" duela jakinarazi du alkateak, "hirugarren salaketa 2016. urtetik gaur arte".